FRANZISKO ETXABE, GOIAN BEGO

Jai Alai News

Zapatu honetan egingo da Etxebarrian Franzisko Etxabe pelotariaren aldeko hileta elizkizuna. Maiatzaren 22an hil zen 85 urterekin aurrelari haundi hau. A Koruñan debutatu zuen 1950an, Zaragozan eta Manilan ere jokatu zuen hamarkada horretan eta baita Miamin ere. Azken frontoi honetan oso urte onak izan zituen eta joko bikaina erakutsi, maila oso altua zegoen garaian. Danian «Diamond Doubles» txapelketa irabazi zuen Etxanizekin 63-64 denboraldian. Frontón Mexico-n, Daytonan, Tijuanan, Barzelonako «Palacio»-n, Las Vegas-ko MGM-en eta Euskal Herrian ere jokatu zuen. 

Franzisko Etxaberen maila zein izan zen ikusteko, 1962ko irailaren 13an jokatutako partidua gogoratzea besterik ez dago. Partidu famatua izan zen, Etxebarriako bikote bat Mutrikuko beste baten kontra programatu zutelako, Durangoko Ezkurdin. Eta ez edozelako bikoteak. Emaitza: Etxabek eta «Txutxo» Larrañagak 35, Egurbidek eta Txurrukak 20. Zesta puntaren historiako beste pasarte batengatik ere ezagun da Etxabe. Durangoko Ezkurdin bertan, orduko pelotari onenari, Fernando Orbeari, pelotakada eman zion zorigaiztoko jokaldi batean. Orbea bera izan zen, Etxabe pelota jaurtzera zioala, gurutzatu zena, eta istripu larri horren ondoren sartu zen buruko-kaskoaren erabilera zesta-puntan.

«Gambao» edo «Txikito Etxabe» ezizenez ere ezaguna, pelotari handia izan da Franzisko Etxabe. Bere anaia Jose Mari ere pelotaria izan zen, gero etxebizitzak egiten ibilitakoa. Hauen lehengusua da Elgoibarko Roque Etxabe pelotaria ere. Franzisko Etxabek bi seme pelotari izan ditu: Franzisko Jose eta Roman. Jose Marik eta Roquek ere seme pelotariak izan dituzte. Pelotari familia handi bat osatzen dute etxabetarrek.

GOIAN BEGO 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE