Adi Xala eta Barrriolarekin

Unai Artetxe

Urte berrian sartzearekin batera hasi da Binakako Txapelketa. Lau neurketa jokatu dituzte aurreneko jardunaldi honetan, baina jokoari erreparatuz gero, ez zait iruditzen ezer aipagarririk utzi digutenik.
Zerbait nabarmentzekotan, agian Xalak eta Barriolak erakutsitako sendotasuna aipatuko nuke. Izan ere, lehen norgehiagokan ez dute inolako arazorik izan Olaizola I eta Beloki mendean hartzeko. Lekuineko aurrelaria ausart ikusi dut lehiaketaren hastapen honetan, eta atzean Barriolak bere ohiko segurtasuna erakutsi du.  Hala ere, ikusi egin beharko da Aspeko bikoteak nolako jarrera erakusten duen beste bikote indartsuago baten aurka, oraingoan beren aurkariek opari dezente egin diete-eta.
Atzo Astelenan bizi izan genuena ere aipatzekoa izan daiteke. Partida iluna benetan. Bengoetxea VI.ak eta Ruizek erraz gailendu zituzten Martinez de Irujo eta Merino II.a. Asegarcekoak ideiak garbi zituztela kantxaratu ziren. Aspekoek, ostera, koordinazio falta izugarria erakutsi zuten.
Martinez de Irujo dena bere kabuz egiten ahalegindu zen. Gainera, aurreko koadroetan Bengoetxea VI.aren sarean jausi zen, eta burua makurtzen amaitu zuen. Merino II.ak, aldiz, ez zuen bere maila erakusteko aukera gehiegirik izan. Dudarik gabe, Irukok eta Merinok lan handia egin beharko dute elkar ezagutu eta aurrerantzean maila hobea emateko. Seguru nago hala egingo dutela.
Bigarren jardunaldiari begira
Neurketa bi nabarmenduko nituzte bigarren jardunaldian. Alde batetik, Donibane Lohitzunen Gonzalez-Laskurain eta Xala-Barriola bikoteek jokatu beharrekoa, eta bestetik, Iruñean Olaizola II-Begino eta Bengoetxea VI-Ruiz bikoteek jokatuko dutena.
Pilotalekuak, kerik gabeko guneak?
Atzo indarrean jarritako tabakoaren aurkako legearekin pilotalekuak nola egongo ote ziren jakin nahi genuen askok eta askok. Egia esan, ke gutxiago igarri genuen frontoi gehienetan, eta Eibarren behintzat pilotazale asko Isasi kalera irten eta han egon ziren, zigarroa erre eta neurketak komentatzen. Oraindik, baina, lan asko egin beharko da tabakoa frontoietatik aldentzeko.
© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE