Sendotasuna nagusi Astelenan

Amillategi

Ikusmin haundia zegoen gaur Astelenan jokatu den partiduaren inguruan. Aldez aurretik norgehiagokak ez zuen faborito garbirik. Alde batetik, txapelketa erregularrena egin duen bikotea, Xala-Barriola, ia ia zulorik ez duen bikotea. Bestetik, mutil harrigarria, Merino, eta Irujo, txapelduna.
Irujok eta Merinok erakustaldia eman zuten Bizkaia Frontoian, bakoitza bere eremuan nagusi agertu zelarik Bilboko kantxan. Baina gaur Xala eta Barriola frontoiaren luzapen bat bezala murgildu dira. Barriolak, granitozko horma zirudien, pilota esku biekin zazpi koadroan jartzen zuelarik. Nahiko lan izan du Merinok Abel eusten. Xala ere sendo aritu da, defentsa ona erakutsiz eta ahal izan duenean aidez errematatuz.
Galtzaileen artean, Irujok gora behera haundiak izan ditu. Tanturik dizdiratsuenak berak egin ditu. Hiru edo lau ezker aide ikusgarriak izan dira. Baina faltatu zaio une garrantzitsuenetan erabakiorra izatea. Erantzunkizuna tantu batzuetan Merinori uzten ziola zirudien. Merino bikain aritu da, azken partiduetan bezala. Nire gustorako, tanturik ederrena ere berak egin du. Pilota bat aurreko koadroetan hartu eta txapagainean moztu du, Xalarentzat ezinezkoa izan delarik jasotzea. Kalitatezko bere ekarpena izan da. Badirudi kalitatea dagoenean, txapagainean moztea posible dela, nahiz eta batzutan errentagarritasun gutxiko jokalditzat jotzen den.
Gorriak hurbiltzerakoan urdinen mailara, Xalak eta Barriolak aldageletara jo eta beraien ideiak argi utziz bueltatu dira. Azkenean sendotasuna nagusitu da. Xala-Barriolak beraien nortasuna finkatu dute. Konfidantzaz beterik izango dira, konfiatu gabe, ordea. Irujo-Merino bizirik daude. Finalean ikusi daitezke bikote biak, emaitza ezberdinen arabera. Emozio gehiago izaterik ez da posible.
© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE