Amillategi
Ikusi dut Irujo belaunikatuta, penitentzia eginez bezala.
Ikusi dut Bengoetxea III, western baten bezala, dejada inork baino bizkorrago gerri ondotik ateratzen.
Ikusi dut Olaizola II sakea Atano berri bat balitz bezala aprobetxatzen.
Aho zabalik utzi nauten gauzak ikusi ditut asteburu honetan.
Pilotari hoberenak sartu zaizkigu txapelketan eta jokaldi bitxienak egiten saiatu dira. Bengoetxearen ezker aide finak txokoan pilota hilda uzteko. Aimarren boleakadak, erantzunik aurkitzen ez zutenak. Irujoren horma biak aidez, pilota berari ere arnas hartzen utzi gabe.
Joko haundia ikusi dut, baita okerraldiak ere. Irujoren lehen zatia, esate baterako. Ruizen ezintasuna.
Berotasuna sentitu dut harmailetan, ikusleak bihotzekoa emateko puntuan, Bilboko frontoia orroka, Irujoren ihesaldia ikusterakoan, larrialdietako atetik zehar.
Gauza gogoangarriak ikusi ditut, batez ere Olaizolaren bete beteko errekuperazioa buruz buruko lehian. Bengoetxearen sasoia, ikusgarria.