Buruz Buruko Txapelketa. Enpresa, pilotari, pilotazale eta oro har pilotarentzako lehiaketarik garrantzitsuena. Lehen hala zen behintzat. Egun, edozein txapelketak du Buruz Burukoa baino inportantzia handiagoa. Baita Sanferminetako Torneoak ere. Edo Sanjuanetakoak. Bestela, nola ulertu enpresek aurtengo finalarekin egin dutena?
Xala eta Olaizola II.a izan behar ziren aurrez aurre joan den igandean, txapela nork eskuratuko lehian. Asegarcekoak eskuko minez zegoelako neurketa astebete atzeratzea erabaki zuten enpresek. Ondoren Aspekoaren apendizitisa etorri zen, eta tira, hortik aurrera, denok ondo ezagutzen dugun polemika guztia.
Iruditzen zait azkenaldian enpresek burua beste nonbaiten dutela. Ez dira pilota lantzen ari. Beraien aktibo nagusia, beraien langileak, pilotariak, alboratu egin dituzte, guzti honen ikusle bihurtuz. Oker dabiltza. Pilotariak berak dira pilotaren protagonista nagusiak. Eurak erakartzen dituzte pilotazaleak. Beraie esker bizi dira Aspe eta Asegarce. Ez dezatela hori ahaztu.
Ezin dut inondik inora ulertu Xalarekin egin dutena, bere garaian Abelekin egin zutena ulertu ez nuen bezala. Pilotaria ez dela epe barruan errekuperatuko? Arrisku handiegia zela finala uztailera arte atzeratzea? Galdera eta arazo hoiek guztiak ulertu ditzazket, baina beti ere enpresek adostasun batera iristeko benetako asmoa izango balute, eta argi dago kasu honetan ez dutela izan. Nola da posible Xala aztertu ere egin ez duen mediko batek esandakoa enpresentzat nahikoa izatea halako erabaki bat hartzeko? Hori al da behin eta berriz kirol honi exijitu zaion profesionaltasuna?
Pentsatu nahi dut Aspek eta Asegarcek, bere garaian pilotaren aldeko apustua egin eta pilota profesionalizatzeko ahalegin handia egin zuten enpresa bi hoiek, Xalarekin hartutako erabaki hau berriz ere planteatuko dutela, pilotariek eta pilotazaleok hori bera exijitzen baitiegu. Kontrakorik ez nuke ulertuko. Hare gutxiago erabakia diru-arazoak tartean direla hartu bada, gaur Bizkaiko egunkari batek dioen bezala. Benetako arrazoia hori bada, gaur irabazi duten apurra etorkizunerako galera handiak izan daitezkeela iruditzen zait. Ez daitezela enpresak hemendik gutxira etorri diru arazoak dituztela esaten, pilotazaleok nahikoa akats barkatu baitiegu, beti gure eta pilotarien kaltetan.
Oraintxe bertan jakinarazi dute finala uztailaren 3an jokatuko dutela Xalak eta Olaizola II.ak. Zorionak Aspe eta Asegarce, akatsa onartu, erabakia berriz planteatu eta pilotarien eta pilotazaleon eskariari kaso egiteagatik. Eta Zorionak Xala, merezi duzu-eta!
ZORIONAK YVES!!!
Zuk hori eta gehiago merezi duzu! Animo danak eta ahal bestean errekuperatu jokatzea merezi duzun final hortan egoteko!
DANOK ZUGAZ EGONGO GARA!