Olaizola II, Errioxako jaun

Argazkia:Carlos Zuluaga

Amillategi

Olaizola II Errioxako jaun bilakatu zen atzo. Erdi Aroko jaunek beraien harmarrietan abereak jartzen bazituzten beraien izaera isladatzeko, atzo Olaizolak arranoaren jarduera noblea erakutsi zigun. Leoiaren eta tigrearen arteko borroka nagusi izango zela zirudien aldez aurretik. Aimar eta Irujo, Irujo eta Aimar, nahiko dira pilotazaleen ohianean jai giroa pizteko. Hori ezezik, Logroñon Aimarrek, ego luzeko egazti dotore bat balitz bezala, pilota aurkitu eta berak nahi zuen bazterretara eraman zuen. Gutxitan ikusi ditugu ezker aideak hain perfektuak eta eleganteak. Saiatu zen Irujo aldika Aimarri hegalak mozten baina Asegarcekoak atzo bere subiranotasuna azaleratu zuen. Bere lankidea, Beroiz txukun aritu zen, ez dizdiratsu baina bai eroso. Ez zuen elektrizitaterik besoan baina eskumuturra mugitu zuenean potentziaz bete zuen pilota.

Merino errioxarra ondo ikusi nuen eskubiz, pilota frankoak aprobetxatu zituen atzean jartzeko. Hala ere, oraindik maila bat igo behar du onenekin jokatzeko, batez ere ezkerrez eraman behar dituen atzeko koadroetako pilotetan. Horietan, bere egungo statu quoa nabaritu zen, Aimarrentzat harrapakin gustagarria bilakatu zelarik. Tarteka jokatu zuen Irujok, aldika partidutik kanpo zegoala ematen zuen bitartean.

Logroñoko feriak gauza ederrak utzi dizkigu, Abel Barriolaren berragerpena, batipat. Animo, Abel, handia zara eta. David Merino ere animatuta ikusi genuen harmailetan. Merinoren kasuak beste pilotari batzuk gogora arazi dizkit, Etxenagusia atzelariarena, esate baterako. Adinik onenean gaixotasunak kirolari bat baztertu dezakela gutxitan pentsatzen dugu, baina noiz behinka gertatzen da. Badirudi Merino gai izango dela normaltasunez pilotan jarraitzeko, gure gozamenerako. Txapasta atzelariaren kasua dakarkit gogora (20 hamarkadako pilotaría). Hogeitabost urterekin istripu baten ondorioz hatzamar batzuk moztu beharko zizkiotela aipatu zioten, pilotarako ezinduta geratuko zela hain zuzen ere. Eskuko ebakuntza ordaintzeko Astelenan partidua antolatu eta jokatu ere egin zuten bere lankideak, baina azkenean beste dozena bat urtez istripuaz aurretik bezain ondo jokatzen jarraitu zuen. Ez dakigu zer gertatu zen diruarekin, baina susmoa daukat bere pilotari lagunak gustora ikusiko zutela kantxetan berriro.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE