Lasa, dagoeneko onen artean

Erakustaldi ikaragarria eman digu Aritz Lasak asteburu honetan. Bere jokoa gorantz joan da azken hilabeteetan. Iazko binakako txapelketan jokatu zuenean, komentatu nuen gaitsaun handiak zituela pilotari honek. Lasari lasaitasuna falta izan zaio bere jokoan, edo hobeto esanda, momentu bakoitzean egin behar duena egitea. Aidez sartu behar denean sartu, moztu behar duenean moztu eta luze eman behar dionean pilotari, atzeko koadroetan jarri pilota. Bere jokoaren eboluzioa ildo horretatik joan da, une bakoitzean erabaki zuzenak hartuz joan delako.

Atzo denetik erakutsi zigun, boleak zabalera, ezker gantxoak, moztutako pilotak…

Udan beharbada ez du beste aurrelari batzuk adina partidu jokatu eta ondo etorri zaio. Fresko dago, bai besoz, baita ideiaz ere. Pozten gara benetan.

Urrutikoetxea aspaldian maila berdinean finkatuta dagoala dirudi. Arazo fisikoak izan ditu eta horrek ez du laguntzen konfidantza sendotzeko. Halaere, badu non saiatu bere jokoa hobetzeko. Bikoteka, hiru edo lau aldiz ikusi dut frontoian. Jaso dudan iritzia antzekoa izan da. Eskubi bizia dauka eta horretan oinarrituta eraiki behar du bere jokoa. Baina Urrutiren kasuan, ikusi izan dudana da, pilotakada on bat jo eta berehala tantua amaitzea nahi izaten duela. Uste dut Urruti saiatu behar dela tantuak gehiago lantzen. Hutsuneak ireki egin behar ditu tantua bukatu orduko, aurkariak mugitu batera eta bestera, azken dejada edo aideko jokaldia benetan erabakiorra izan daiten. Bestela, eskuinkada on bat jo arren, lehen mailako jokalarien aurka tantoa nekez amaituko du.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE