Betidanik izan da pilota
gizon gihartsuen bizibidea,
frontoian behar delako,
naturak emandakoa heldutasunera iristea.
Bartzelonan ezagutu genuen Beloki,
hamazazpi urteko gaztea zen arren,
Apolorena zuen gorputza,
Olinpoko jaun eta jabea.
Urrea eskuan hartu eta prest zegoen gaztea,
lehen txanponak irabazteko,
profesionalen artean.
Unanuerekin batera egin zuen debuta,
adin nagusia bete aurretik, fenomenoen antzera:
Onaindia, Ogueta eta beste bakarren bat dago kategoria horren barnean.
Ia lehen jokalditik aho zabalik utzi zituen zaletuak,
besoa astintzen zuenean,
hura zen kanoia!
Konparaketak hasi ziren pilotazaleen artean,
Galartzaren dohaiak ote zituen,
Gallastegiren jokoaren nagusitasuna baita,
Belokik bere izaera propioa zuela
argi utzi nahi zuen berehala.
Ikasketa aroan gidari,
izan zuen Retegi II,
zaharrak ere nahiago zuen lankidetzat Burlatako semea.
Irentsi zuen zurrut garratzen bat,
Nagoreren sakeak sartzen zitzaizkionean,
frontoian ez ezezik, baita bihotzean.
Orduan hasi zen nabarmentzen
ondorengo urteetako erraldoien lehia,
Eugirekin jokatzen zuen bakoitzean
txapelketa giroa hartzen zuen frontoiak.
Patxi Eugi eta Ruben Beloki,
aurreko hamarkadako Retegi eta Galartza bezala,
bata aurrelaria, bestea atzeko nagusia,
Eugi erbia, Beloki lehoia.
Arretxeren aurka,
buruz buruko txapelketan
bere jokoaren aberastasunak
utzi gintuan liluratuta.
Ha zen jotzea, ha sotamanoa, aidezko kolpe azkarra
inoiz ikusi gabea atzelari baten jokoan.
Ondorengo hamarkadan
atzeko koadroetako agintaria izan da,
beti abantailak emanez,
ez zuen neurririk pilotari honen grinak.
Azken urteetan leundu zaio besoa,
hortaz teknikaz konpondu ditu
konpromesuzko partidak
Ba zoaz, Ruben!
eskegiko dituzu praka txuri-txuriak,
txapeldunen gerriko gorria,
baina gure bihotzetan utzi dituzu betirako
hainbat eta hainbat distira.