Urte berria, aukerak atarian

Txinatarrek krisi hitza bi hizki erabiliaz idazten dute, batak esan nahi du arriskua eta besteak aukera. John Fitzgerald Kennedy.

Aukerak daude bai, eskupilotaren inguruan. Bizkaia Frontoian izan nintzen Gabonzahar arratsaldean eskuko partiduak ikusten. Nire ezkerretara 65 bat urteko gizon erdalduna eseri zen. Ohiko dudan bezala, pilotariak eskuak berotzen zituzten bitartean, elkarrizketa hasi nuen berarekin. Frontoi batera sartzen zen lehen aldia zela aipatu zidan. Aldi berean, nire eskubira jarrita zegoen neska batek Titin, Augustoren abizena zela aipatzen zion bere lagun bati, horregaitik bait zeraman hirugarrena zenaren aipamena bizkarrean.Esku pilotara jende berria ere hurbiltzen da. Normala da, eraikuntzak hobetu egin dira leku askotan eta kirolariek maila ona dute, teknikoki eta fisikoki. Aukera onak dituzte agintariek. Halere, gauza bat da aukerak aprobetxatzea eta beste bat pilotazaleetaz aprobetxatzea.

2011 urte gogorra izan da. Pilotariek eta pilotazaleek sufritu behar izan ditugu justifikatu ezin daitezken erabakiak. Urtearen bukaera ere tankera horretakoa izan da. Binakako txapelketako bikoteak erabat desorekatuta daude. Kirol ikuspuntutik ezin dira Irujo eta Barriola elkartu. Behin eta berriro eskatu diegu enpresei kirol irizpidea nagusi izan dadila beraien erabakietan. Hori da 2012tik aurrera ikusi nahi duguna. Iaz Barriolarekin izan zuten akatsa konpentsatzea nahi izan badute ere, ez da zilegi. Akats batek ezin du beste bat zuzendu. Joera hori enpresek moztu egin behar dute. Pilota hutsa eta garbia nahi dugu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE