Atzo Bizkaia Frontoian jokatu zen partiduari buruzko giltzarriak:
1. Beroizek ikaragarrizko kemena erakutsi zuen. Zaletuak mirestuta utzi zituen bere artesirik gabeko jokoarekin. Bere pilotakadak Barriolarenak baino «punch» gehiago izan zuten. Horrez gainera, pare bat aldiz, jokoa loratzeko gai dela ere erakutsi zuen. Horren adierazgarri, txokoan utzi zuen dejada zoragarria.
2. Irujok Aimarren joku berbera egin zuen, bere kalterako. Atzo bere atzelariak ez zuen lortu tantuak bere alde argi dominatzea. Hori ikusirik, Irujori tokatzen zitzaion bost t’erdiraino bajatu eta bere eskubiarekin tantua dominatzen hastea. Ez zuen horrela egin. Aurrean jokatzea erabaki zuen eta batez ere, aidez sartzea. Akats galanta izan zen.
3. Binakako txapelketan enpresa bakoitzak botilero bat jartzen die bikoteei aholkuak emateko. Atzo Martin Alustizaren ekarpena ez zen nabaritu. Estrategia okerra erabili zuten Irujok eta Barriolak. Aimarri bere joko berbera eginez oso zaila da irabaztea. Orduan eta gehiago partidua hausteko pilotarik ez dagoenean.
4. Pilota gehiegirik ez zen egon, ezta gutxiegirik ere. Nire ustez pilota bikainak ziren joko ederra ikusteko, frontoi horretarako eta binakako txapelketarako. Ez ziren gehiegizkoak, pilotakada batekin tantoa bikote baten alde jartzeko bestekoak, lana egitekoak baizik. Pilota gutxiegirik ez zegoenaren lekuko Irujok berak eskubi boleaz markatu zituen horma biak.
5. Partiduaren hasieran pilotazale askok antolakuntzak sortutako arazoak jasan behar izan zituzten. Ilara luze bat sortu zen sarreran eta lehen partidua ikusi gabe geratu ziren hamaika ikusle. Bi partidu ikusteko ordaindu zuten eta bakarra disfrutatu behar, sarrerak emateko lagun bi baino ez zeudelako.