Amillategi
Irujok eskua mindu du eta ez da izan pilotakada indartsu bat jotzeagatik, ate baten aurka bere indarrak astintzeagatik baino. Badirudi pilotaz gain gaitasuna duela beste kirol batzuetarako, boxeorako beharbada. Baina gaitasuna izan arren hobeto planifikatu beharko lituzke bere ukabilkadak. Indarra ezezik, boxeoan timing deitzen dena ere garrantzitsua da. Azken kolpe honek lau zentimetroko zauria egin dio eta hainbat partidu galduko ditu udako aldirik beroenean. Timing txarra beraz Irujok aukeratu duena bere doaiak erakusteko.
Irujoren azken gertakizun hau momentu egokian etorri dela uste dut. Irujo txapeldun ikaragarria da, pilotari bezala jokaldi guztiak menperatzen ditu. Burua bere lekuan badu urte batzutan nagusi izango dela eskuko jokoan aurrikusi daiteke. Baina holako ekintzek bere eskuaz gain, bere irudia ere zauritu egiten dute. Partidu bat galtzen badu egin behar duena da aurkariari bostekoa eman, etxean partidua ikusi eta akatsak zuzentzeko asmoa landu hurrengo partiduetarako. Ateari ukabilkada ematea umekeria da, eta pilota gizonen kirola da. Horregaitik geratuko da partidu batzuk jokatu gabe eta diru ederra etxeratu gabe. Ez hori bakarrik, enpresek seriotasunez hitz egin behar lukete beraien pilotariekin horrelakoak gertatu ez daitezan. Eta zigorrak jarri beharko lituzkete agintariek. Kirolean estetika gorde egin behar da, eta jokaera hauek oso itxura txarra ematen dute. Leloen kirol bat bilakatuko da bestela eskupilota, beraien burua mintzea nahiago dutenen jokoa. Iragan urbilean baditugu kasu penagarriak, modu iraunkorrean profesional izaten ere gai izan ez diran pilotariena, doai paregabeak izan arren. Irujo profesionala da eta jakin behar luke herri askotan bera ikusteko zahin egon direla eta tamalez ezin izango dutela.
Ate joka ibiltze honek pìlotaren etika eta estetikari kalte egiten dio. Ez da kasu bakarra, bikotekako lehen mailako txapelketan, Xalak belaunean zulatuta zeunden frakak zeraman jantzita. Jendeak hori baino errespetu gehiago behar du. Beste ohitura itsusi bat aspaldian ikusten dena da esparatrapua fraketan itsatsita eramatea partiduan zehar. Hori ere itsusia eta arduragabekeriaren seinale da.