Jexux Iribar
Arrats haundia bart Zestoako frontoian igarotakoa. Ikuskizun bikaina kantxaratutako zortzi pilotariak eskeini zigutena. Finala jokatzeko garaipenaren bila etorri zirela hasiera hasieratik nabaritu zen eta gogoa ezezik joko ona erakusteko gai izan ziren pilotariak bertaratu ziren pilotazaleen mesedetan, kopuru altuan atzo ere. Maila oneko bi pilota partida ikusteko aukera izan genuen, eritmo bizian eta serio jokatutakoak, tanto luze eta ondo amaitutako asko izan zirelarik ikuslegoak txalo zorta ederrez estimatu eta eskertu zituenak. Hauxek emaitzak:
– LARRAÑAGA-EROSTARBE…22 IRIBARRIA-ETCHEVERS………19
– DORRONSORO-AIZPURU……22 JAUREGI-TOLOSA……………..19
Jubenil mailako norgehiagoka tentsio haundiarekin jokatua izan zen. Pilotariak zuten erantzunkizunak eraginda edo tanto bat edo beste izan ziren hasieran arrazoirik gabe galdutakoak bainan jokuan sartzen joan ziren einean majo landutako tantoak izan ziren ederki amaitutakoak. Garaileak oso serio jokatu zuten. Mikel Larrañaga Gasteiztarrak ez zuen konplejorik izan Iribarria bati aurre egiteko eta naiz defentsan naiz erasoan eman egin zion pilotari tanto politak eginez, hori bai Xabier Erostarberen laguntza haundiarekin. Urretxuarra atzo ere nagusi izan atze koadroetan eta bere bi esku dotoreekin pilotakada ederrak jo zituen. Galtzaileen aldetik esan behar Iker Iribarria Aramako aurrelariari lan zail asko egitea tokatu zitzaiola atzo. Larrañagaren erasoei ezezik Erostarberen atzeko nagusitasunari aurre egin behar izan zion pilota asko kenduaz bere atzelariari eta bere ezker aipagarriarekin tanto dizdiratsuak eginez zabalean airez jota. Simun Etchevers ere ondo aritu zen, pilota gutxi galdu zuen eta bere lekuan egoten jakin zuen.
Nagusien arteko norgehiagoka ere gerriko gorridunak irabazi zuten eta emaitza berarekin. Esan behar hasieratik amaieraraino ondo jokatutako partidua izan zela lau pilotarien aldetik. Aitzol Dorronsoro Amurrioko aurrelariak bere eraso jokoan, hiruzpalau galduarren, tanto zorta ederra egin zuen, hamaika izan ziren kontatu genizkionak, hoietan ezker airez gurutzatutako batzuk maila haundikoak. Andoni Aizpuru atzelariak ere partida haundia jokatu zuen. Pilota bat galdu zuen ekartze lanetan eta beste bat zabalean dejada bat txapara joan zitzaiona. Gutxi galduz gain atzetik pilota kentzen daki aurrelariari eta aurretik berriz ondo libratzen du pilota bere bi eskurekin. Galtzaile suertatu zirenen aldetik esan behar zituzten denak eman zituztela 22ra iristeko bainan ez zen posible izan. Iban Jauregui Zarauztarrak oso serio eta burutsu jokatu zuen, defentsan pilota arrigarri batzuk jasoaz tarteka, atzera luzatuaz ere bai, atzelariari pilota onak utziaz ere bai behar zenean eta aukerako pilotetan dozenerdi bat tanto eginaz, goitik behera eskubiko bolea eta ezker airez ere bai. Xabier Tolosa atzelari Anoetarra ere saiatu zen majo eta ikusten zen partida irabazteko asko jokatu beharra izango zuela, eta bai jokatu ere, bainan aurkari gogorra tokatu zitzaion parean eta azkenean amore eman behar izan zuen. Partida bikaina eskeini zigutena lehenxiago esan bezela, luze eta gogor borrokatua eta merezi bezela, txalo zaparrada bero batekin, eskertzen jakin izan zuena Zestoako frontoira urbildutako pilotazale errespetagarriak norgehiagoka amaituaz Dorronsorok 22garren tantoa egin zuenean.
Gauzak horrela datorren ostegunean, Abuztuak 30, finalak:
– Gaueko 10etatik aurrera Zestoan:
– OLANO-Ander IMAZ // LARRAÑAGA-EROSTARBE Jubenil mailan eta
– SANTXO-GALARZA // DORRONSORO-AIZPURU 23 urtez beheragoko mailan.