DINASTIA ETXABE 2012, XLI EKITALDIA: FINALAK

Final batzuei dagokien bezelakoxe pilota jaialdia bart arratsekoa. Zestoako pilota leku ederrean, eta gala egunetan bezela exerleku eta inguruak betetako pilotazaleen aurrean, Olano-Ander Imaz eta Santxo-Galarza bikoteak jantzi zituzten XLIgarrengo Dinastia Etxabeko txapelak, hauexek emaitzak:

– OLANO-Ander IMAZ………22 LARRAÑAGA-EROSTARBE……14

– SANTXO-GALARZA………22 DORRONSORO-AIZPURU………21

Jubenil mailako norgehiagokan gauza politak ikusi genituen bainan akats gehitxo ere bai behar bada eta hoiexek izan zituen soberan atzoko partidak. Garaile egokitu ziren gerriko gorridunak beti joan ziren aurretik markagailuan eta naiz eta zenbait unetan bazirudien gerriko urdindunak lanak emango zizkietala nahiko errez iritxi ziren 22garrengo tantora. Anartz Olano Aresoar aurrelariak betiko erara jokatu zuen naiz pilota bat edo beste galdu, hauek hiru eta egindakoak sei izan zirelarik. Mikel Larrañaga Gasteiztar aurrelariak ez zuen bere egunik onena izan atzo. Irabazi nahiak eraginda edo, ezingo den jakinarren, utzi beharreko edo tantoa amaitzeko ez ziren pilota batzuetara sartu zen eta galdu ere bai batzuk. Aukerako pilota asko ere ez zuen izan egia esanda bainan sei tanto egin zituen hala ere. Eta Gasteiztarrak aukera gutxi izana Ander Imaz atzelariari egotzi behar zaio, ederra benetan jokatu zuen norgehiagoka, pilotarik galdu ez, ezker eskubiz pilota kendu aurre koadroetatik aurkariari eta atzean ezker hormaren kontra joandako pilotakada eder batekin tanto bat egin ere bai, bikain amona Zestoarra duen Oiartzuar pilotaria. Honek erakutsitako sendotasunak etsiarazi zuen behar bada Erostarbe Urretxuar atzelaria. Pilotakada ederrak jo zituen bainan ez zuen lortu nagusitzea atze koadroetan eta, sake restoak ere barne, behar baino pilota gehio galdu zuen baita ere.

Nagusien arteko norgehiagoka oso gogorra eta emozioz betetakoa izan zen aldiz, ordu eta laurden pasatako iraupenarekin. Gerriko urdinez atera ziren Dorronsoro eta Aizpuruk partida hasiera ikusgarria egin zuten eta 11 eta 4 jarri ziren aurretik markagailuan, Azpeitiarra nagusi atzean eta Amurrioarrak tantoak erabakiaz aurrekoadroetan, era guzitako pilotakadekin. Gerriko gorridun Santxo eta Galarzak etzuten etsi ordea eta pilota aldatu ondoren 7 tanto egin zituzten jarraian 11garrengoan berdiduz. Hortik aurrera eta 17garren tantoraino berriz ere, bainan alde txikiagoarekin, urdinak joan ziren aurretik eta hor berdindu zuten bigarren aldiz markagailua gorriak eta 18ra aurreratu ere bai. Hemeretzigarrenean hirugarren aldiz berdindu ondoren, 21garren tantora aurreratu ziren azkenean galtzaile egokitu ziren gerriko urdindunak bainan inork ez zuen nahi partida galdu eta 21garren tantoa Santxok sakez egin ondoren azken berdinketa. 22garrengoan Aizpuruk sakea jaso eta tantoan zehar nagusitu ere bai atzekaldean bainan Galarzak ekarri eta ekarri eta Dorronsoro, aurreko tantoetan erasoko pilota bat baino gehiago galdu izanaren bildurrak eraginda ziur aski, ez zen ausartzen errematatzera aurre koadroetan, damutuko zitzaion behar bada ausardi falta hori bainan txapelak zeuden jokoan, eta azkenean Aizpururi txapara joan zitzaion azkeneko pilotakada. Azpimarratu beharrekoa, aurrelariak ere lan asko egin zuten arren, atzelarien arteko norgehiagoka gogor bat izan zela atzokoa. Bikain biak benetan eta bat nabarmentzekotan Andoni Aizpuru Azpeitiarra, gutxi galdu eta pilota zailak ere atzetik aurrelariari kenduz gain, gehiago jo eta atzeko koadroetan agintzeko gai izan zelako. Ez zuen merezi txapelik gabe etxera joatea atzo eta pena zuen berak ere azken aurreko sakea eta azken pilotakada frontisera eraman ez izana. Bere lagun Aitzol Dorronsorok ere latz saiatu zen eta tanto zorta ederra egin ere bai txalo zaparrada ederrak jasoaz, bainan bai berak eta baita ere atzo frontoia bete zuen publikoaren zati haundi batek nahi baino pilota gehiago galdu zuen eraso jokaldietan. Xabier Santxok ere, 4tik 11raino joan ziren garaian bera izanik protagonista nagusiena, komeni baino pilota gehiago galdu zuen bainan defentsan ondo aritu zen eta garrantzitsuena lortu zuen, txapela irabaztea, eta aurtengoarekin hirugarrena jarraian, pasa den urtean Peñasekin eta aurreagokoan, Jubeniletan oraindik, Aizpitarterekin lortu zuena. Kerman Galarza Galdakoztarrarengatik zer esan berriz orain artekotan esan ez degunik, bikain baita ere. Partidua irakurtzen daki eta pilotakada bakoitza ondo kokatzen du frontisean, atzetik pilota zailak ekarriaz gain aurrekoadroetan sortutako zuloak ondo taputuz ere.

Luzatu baldin banaiz ere, bainan ze kontatua izanik ere bai atzo ikusitakoaz, hauexek esan beharrekoak partidei buruz, Zorionak txapeldunei!!.

Sari banaketa egin ondoren, iaz lauri bezela, aurten bost Zumaiar pilotari ohiri eskerrak eman eta omenaldi xume bat eskeini zitzaien ehuren bizitzan zehar esku pilotari egindako ekarpen onarengatik. Manuel Azkue Elorriaga, Keperin Sasiain Urbieta, Aniceto Martinez Tellechea eta, Jeronimo eta Jose Mari Goikoetxea Egaña anaiak izan ziren hain zuzen esker oneko pilotazaleen txaloen artean oroigarri eta aurresku batekin omendutako pilotariak.

Eta besterik ez, amaitu da aurtengo ekitaldia eta agur esateko garaia iritxi ere bai. Geure ustetan txapelketaz jasotako emaitza eta sentsazio onak zuenganatuz gain, zer gutxiago eskertzea baino hau horrela gerta zedin partaide eta bitartekari izan diren guztiak, hots: Zumaia eta Zestoako Udala, Zestoako kiroldegi eta pilota elkartea, jokatu duten pilotariak eta ehuren elkartetako ordezkariak, partidak kudeatu dituzten epaileak, pilotarien jokoa ikusi eta eskertzera joandako pilotazaleak eta azkenik, norbait uzten ez badegu behintzat, pilotzaleei orokorrean txapelketaren ibilbidearen berri emandako prentsa arduradun eta kazetariak.

Orain arte egindakoak aurrerantzean ere egiten jarraitzeko balioko duen ziurtasunarekin agurtzen zaituztegu.

Hurrengorarte beraz,

Ondo izan.

Zumaiako Kirol Elkartea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE