VI. Eugenio Rafael Memorialak: Finalak

Jokin Larrañaga

Hiru partida zoragarri ikusteko aukera izan dugu Gasteizko Zaramaga auzoan jokatu den VI. Eugenio Rafael Memorial honetan.

Hiru final eta hiru partida apartak.

Lehendabiziko partidan Kandela-Sevilla bikoteak irabazi du 22-15 Diaz de Heredia-I. Agirre bikotea azken txanpan nekatu samar amaitu duelarik. Partidak berdintasun handia eta aldaketak ere izan ditu, tarteka galtzaileka ere aurretik joan direlarik, baina partidaren azkeneko zatian urdinak nagusi izan dira: Polita izan da atzelarien norgehiagoka, indarrez Agirre eta maisuki eutsiz Kandela, ia tantorik galdu gabe. Aurreko koadroetan berriz, aurrelariek joko ausarta eginez pasarte askotan hurbildutako jendearen txaloak sortarazi dituzte. Lau pilotariek erakutsi dute maila handia

Bigarren partidan Larrañaga-Isasi bikoteak partida irabazi badu ere, ezustekoa hurbil izan du, erraz joaten baziren ere markagailuan, joko serioa erakutsiz Ibarrondok eta Aitor Aguirrek jokoa atzean kargatuz ia berdintzea lortu dutelako partida. 3-1, 11-4,11-10, 14-10, 17-12, 18-16,20-18, 22-18. Larrañaga aurrelariak 11 tanto egin ditu batzuek ikusgarriak, pilotari eman dion abiaduragatik, baina Isasik ezin izan dio behar bezala lagundu, eskuak justu samar izan dituelako. Ibarrondok bere lana txukun bete du eta defentsako lan zailaz gain partida atzean irabazten saiatu da, Aguirreren pilotakada sendoekin batera, bost tanto lortuz atzeko koadroetan. Azkenean Larrañagak bi jokaldi ederrekin partida irabaztea lortu du.

Nagusien mailako partidan Yoldi- -H. Azpiazu eta Albarado-Diez pilotarien artean faboritorik ez zegoen eta partida halaxe joan da, azken txanpa arte.

Hasiera ikusgarria eman diote gorriek, 9-1 irabazten jarri dira. Arrazoi nagusia Albaradoren presak tantoa amaitzeko eta Yoldiren maisutasuna eta esperientzia aurkariaren erasoaren zain egon eta tantoa amaitzeko. Markagailua horrela, pilota aldatu dute gorriek eta hor aldatu da partidaren kolorea, Diez jokoan askoz gehiago sartuz eta Albaradok ere Azpiazu gehiago bilatuz. Honela joan da markagailua: 1-1, 9-2, 9-6, 10-8, 14-12, 14-22. Lehenengo zatian Yoldi nagusi izan bada Azpiazuren laguntzarekin, bigarren zatian alderantziz izan da, Diez nagusitu da eta Albaradok pazientzia handiagoarekin tantoak pilatzen joan dira eta 14-14nako berdinketatik aurrera, 22ra zuzenean joan dira. Aipatzekoa ikusitako jokoa, tanto zoragarri ugari, ezkergantxoak, txokoan dejadak, ia errebotera iritsitako pilotak… Aipatzekoa Yoldiren hasiera bikaina, Albaradoren egindako 14 tantoak, Hegoi Azpiazuk erakutsitako defentsa bigarren zatian eta Diezen egitekoa, Hegoi askotan errebotetik hurbil izan duelako bigarren zatian.

Azkenean sari banaketa, ikusle asko bertan Eugenio Rafaeli omenaldia egin nahian eta pilotariek erakutsitakoa sarituz.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE