Atzo jokatu ziren azken laurden edo “kuartos”etako lehenengo bi pilota partidak, hauexek emaitzak:
– LARRAÑAGA-ERASUN………15 // ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA..22
– DORRONSORO-URRUZOLA…22 // ETXANIZ-AIZPURU…………….….08
Jubenil mailako norgehiagokan gerriko urdineko bikotea izan zen hasiera hasieratik finalerdietara iristeko biderik onena hartu zuena, Etxebarria, Gernika ondoan dagoen Nabarnizeko aurrelariak pilotan jokatzeko erakusten ari zen trebetasun eta gaitasunarengatik batipat. Gaizka Iruretagoienak ondo lagunduaz, 4 eta 8 eta 9 eta eta 14 jarri ziren aurretik markagailuan, norgehiagoka arazorik gabe irabazteko itxurak emanik.
Partida gogorra zihoan ordea eta Asteasuar atzelariaren bajualdi fisiko baten ondorioz, aireko boleaz tanto batean pilota dezente ekarri beharra ere izan zuen, 14garren tantoan markagailua berdintzea lortu zuen Larrañaga-Erasun bikoteak. Hamabostgarren tantoan Jon Erasun Zizurkildarrari pilota, atzera luze bota nahian, gora joan zitzaion eta bai ondo etorri ere bikote urdinari, hutsartea eskatu, Iruretagoienak pixkabat indarrak berreskuratu eta Etxebarriak tantoak ondo amaituz 22 eta 15 irabazi zutelarik norgehiagoka.
Aitor Etxebarria, boteko pilotetara ondo jarriaz eta airez jotzekoak izan zitezken denetara ere ondo eta azkar bila joanez, izan zen lau pilotarietan onena. Defentsa lanetan ere ondo, batez ere airezko sake restoetan atzelariari pilota txarrak kenduaz eta sotamanoz ere bai, era guzitako tantoak egin zituelarik aurre koadroetan, naiz hiruzpalau galdu ere egin zituen eraman beharrekoak. Hamar egindako kontatu genizkioan eta hoietatik 5 ezker gantxo dotorez pilota kontrakantxara gurutzatuaz. Estreinaldi ona Bizkaitarrarena Zestoako frontoian atzokoa.
Gaizka Iruretagoienak, partida erdian aipaturiko beherakada fisikoagatik galdu zituan pilotak kenduta, ondo jokatu zuen. Baina behar bada, boleaz atzetik pilotak ekartzeko duen ohitura edo konfiantzarekin, ez dakit ez oten den aurreegi jartzen une askotan, airez jotzera behartua egonik eta botez jotzeko behar dena baino dezente indar gehiago erabiliaz.
Galtzaileen aldetik esatea Mikel Larrañaga Gasteiztarrak, naiz eta pilota ohiko legez bizi astindu, ez zuela jakin izan tantoa errematatzen aukera izandako zenbait garaitan. Jon Erasun Zizurkildarra ere, besteak bezela 5-6 pilota galdu arren, nahiko txukun ibili zela esan behar eta, lauretan haundina ere bai baina aldiz gazteena ere izaki, sendotasun falta pixkat nabaritzen zaiola oraindik.
Nagusien, 23 urte arteko, mailako partidak kolore bakarra izan zuen, Aitzol Dorronsoro eta Julen Urruzolari jaztea tokatzen zitzaien gorria. Hasieratik bukaeraraino nagusi izan ziren Amurrioko aurrelaria eta Astiasuar atzelaria eta, naiz eta Etxaniz-Aizpuru bikote Azpeitiarra jarrera on eta gogo haundiz saiatu zen, gainditu ezineko jokoa aurrean topatu zuten bikotearena, batek eman eta besteak tantoa egin. Hamaika egin zituen Dorronsorok: sakez 1, txokoan utzita 3, esker gantxoz 4, txapa gainez 2 eta bi paret edo ormabiko polit 1, eta galdu berriz 2 pilota bakarrik. Oso zentratuta eta errematean pilotak ondo aukeratuaz jokatu zuen atzo Amurrioarrak.
Baina noski joko erasokor horretan atzelariari meritu haundiak eman behar. Bikain benetan atzo Julen Urruzola Astiasuarra, ezker eskubiz bata bestearen atzetik pilota atze koadroetara bidaliaz, eta aurre koadroetara ere bizkor iritxiaz, aurelariak airez bila joan eta jo gabe utzitako pilotak atzekaldera astinduz. Tanto bat egin zuen atzean eskubiz jotako pilotakada eder batekin eta 4 galdu eta hoietako bat ezkerrez jotako beste pilotakada bikain bat, goiko txapa jo ezean Aizpuruk ekartzeko lanak izango zituena.
Galtzaileei dagokionez Markel Etxaniz ezinean, eta behar bada zenbait tantotan aurkariari min gehiago ez eginaren damuz.
Andoni Aizpuru berriz, aurrekanporaketako partidan ezik, bere ohiko mailatik beherago atzo ere. Iaz 22 eta 21 Dorronsororekin partida galdu zuen finalista ez du aurten txapelketak joku punturik onenean arrapatu.
Datorren asteartean, Abuztuak 6, jokatuko da azken laurden faseko 2garren jardunaldia, honako pilotari hauekin:
– Jubenil mailan……………………..ELORDI-IBARRONDO….// LARUNBE-SARASA
– Nagusi, 23 urte artekoen, mailan..ORONOZ-ETXAMNDI…..// ARRIETA-Ander IMAZ