DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA 2013. XLIIgarren ekitaldia

Atzo arratsean Zestoan ikusitakoaren berri ematera natorkizue, emaitzetatik hasita:

– ELORDI-IBARRONDO………12 // LARUNBE-SARASA……22
– ORONOZ-ETXAMENDI…..…06 // ARRIETA Ander IMAZ …22

Maila oneko pilotariak izanik gauza interesgarri eta gustagarriak erakutsi zizkiguten, bainan akats gehitxo gauza onerako, lehenengoa batipat, eta borroka eta emozio gehixiago ez ikusiaren faltan etxeratu ginen.

Jubenil mailako partidan Iruña Huarteko bikotea nagusitu zen, eta bereiztu beharrekoak Iñigo Larunbe aurrelariaren joku erasokorra, eta Joseba Sarasa atzelariaren sendotasuna eta pilotan jokatzeko ofizioa.
Larunbek 7 tanto egin zituen aurreko koadroetan eta gehienak, marrazki edo dibujo mailan esan ohi den bezela, pilota norabide jakin batekin pentsatutako lekuan jarriaz, aurrez trazatu edo norabidea markatzeko denbora izan balu bezela. Beti ere lan zaila izanik aipaturikoa, are eta zailagoa hain aukera oneko pilotak ez direnetan ere lan hoiek hartzen badira, eta horregatik batipat erasoan galdutako 5 pilota kontatu genizkion.
Sarasak aldiz tanto bakarra galdu zuen, ezker hormari atxeikitutako pilota bat, eta oso joku ona erakutsi zuen ezker eskubiz pilota ondo bideratuz atze koadroetara. Aurkariek gutxi estutu zuten Huartearra eta esan daiteke errezegi irabazi zuela atzoko norgehiagoka.
Galtzaileen aldetik Aitor Elordi, Iurretako pilota elkartetik jokatzen duen Mallabiko aurrelariariari, oso detaile politak ikusi genizkion pilota jokatzeko garaian, ezker gantxoz 2, eta txokoan utzitako pilota batekin, hiru tanto eder egin zituelarik. Bikote lagunak ere ez zion behar haibat lagundu eta, berari lagundu nahian, edo behartuta sartuta behintzat bai, bizpahiru pilota galdu zituen.
Aipatu bezela Gorka Ibarrondo Arrankudiago atzelaria ez zen fin aritu atzo. Atze koadroetara pilotakada eder bat bidaliaz tanto bat egin zuen arren, pilota asko galdu zuen, batez ere ezkerrez, eta nahiko errez eraman edo eta atzera biali behar ziren batzuk ere bai hoien artean.

Nagusi, 23 urte artekoen, mailako pilota partida oso eritmo bizian jokatutakoa izan zen hasieratik bukaeraraino, emaitza estua izango zuenaren trazak hartu genizkiolarik norgehiagokari lehenengo tantoetan. Markagailuan 2 eta 7 atzetik jarri ondoren, 6 eta 7, tanto bakarrera, urreratzea lortu zuten gerriko gorridunak, eta nork pensatu hor geldituko zirela…Baina bai, Arrieta-Imaz bikotea ez zen denbora pasa etorri Zestoara eta, erregalo bat bera ere egin gabe, hurrengo 16 tantoen jabe egin zen. Biak ondo, bakoitza bere esparruko lanak eginez eta bata bestearen baliabideak aprobetxatuz, jokoari etekinik onena atereaz.
Ioritz Arrieta Hernaniarrak, saketik hasita eta nahiz eta tanto bakarra egin zuen ahalegin horretan, min haundia egin zien aurkariei, pilota gogor astinduz eta aukera izandakoan aurre koadroetan ere tantoak eginez, 7 egin eta bi galdu.
Ander Imaz Oiartzuar gazteak beste joku erakustaldi bat eman zuen atzokoan ere, aurrekanporaketako partidan salto nabari bat egin duenaren seinaleak bistaratu zituen pilotariak atzo baieztatzea baizik ez zuen egin aurrekoan egindakoa, garbi frogatuz ez zela 26koa egun bateko kasualitate edo txiripazko partida on bat izan. Oso bizi ateratzen zaio pilota eskutik eta bai aurretik erasoan, bai atzetik defentsan lanetan, min egiten die aurkariei, atzelaria behartuaz pilota txarrak jasotzera eta aurrelariari tantoa egiteko aukerako pilotak kenduaz. Nahi gabe ihesi joandako pilota batekin egindakoaz gain beste lau tanto egin zituen, bi atzera luze bidaliaz pilota eta beste bi ondo moztuaz hau ezker ormaren kontra.
Galtzailen aldetik aipatu beharrekoa Iñigo Etxamendi Bizkarreteko pilotariak egindako lan txukuna, batez ere bere ezker esku dotorearekin, baina ia partida gehiena aurkarien joko erasokorrari eutsi nahian aritu zen, behartutako 6 pilota galdu zituelarik ahalegin horretan.
Lesakako Beñat Oronozek ere, nahiz eta 4 tanto egin zituen partida hasieran, gerriko urdineko bikoteak jotako musikaren arabera dantzan egitea tokatu zitzaion. Lau pilota galdu zituen, bi eraman beharrekoak eta beste bi tantoa egiteko garaian gaizki jota.

Bihar osteguna, Abuztuak 8, jokatuko dira “kuartos”etako hirugarren jardunaldiko partidak:

– Jubenil mailan……………………..UGALDE-Xanet IMAZ….….// ARTEAGA-MARIEZKURRENA
– Nagusi, 23 urte artekoen, mailan…DARIO(*)-EROSTARBE…..// SANTXO-LASA

(*) URBIETAren ordez.

Datorren ostiralean izango dezute, ezeren okerrik ezean, Ostegunean ikusitakoaren berri.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE