DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA 2013. XLIIgarren ekitaldia

Zumaiako Kirol Elkartea

 

ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA, jubenil mailan, eta ARRIETA-Ander IMAZ, nagusi 23 urte artekoan, aurtengo lehen bikote finalistak bart arratsean Zestoan jokatutako norgehiagokak irabazi ondoren. Hauexek emaitzak:

 

– ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA…22 // LARUNBE-SARASA……..14

– DORRONSORO-URRUZOLA………08 // ARRIETA-Ander IMAZ…….22

 

Akats gehiegi jubenil mailako partidan eta ezin esan norgehiagokak ase edo eta aho gusto onarekin utzi gintuanik. Atzelarien ezohiko pilota galtze bat edo besterekin 4 eta 1etik 4 eta 4nako berdinketara pasa zen markagailua jokoari jarraipen askorik ematen utzi gabe. Pixkabat asentatuz jokoa atze koadroetan aurrelariak jokoan sarztzeko aukera gehiago izan zuten eta tanto politak egin ere bai. Era horretan jarraitu zuen partidak hamarnako berdinketara iritxi zirelarik eta ezin antzemanik zein bikotek irabazi zezaken norgehiagoka. Bainan hemendik aurrera Aitor Etxebarria Nabarnizeko aurrelariaren joko gorakada etorri zen eta pixkana pixkana tantoak heuren aldera pilatu ere bai, 16 eta 13 eta 22 eta 14ko emaitzakin nagusitzeraino.

Aipatu bezela Etxebarria izan zen pilotaririk onena. Abuztuaren 1eko arratsean ezezik atzo ere jokoaren erantzunkizuna hartzen jakin zuen, horren beharra sentitu zuen garaian, eta asmatu ere bai. Oso pilotari konpletoa da eta buruz jokatzen du gainera, atzelariari lagunduz tokatzen denean eta honi aukerako pilotak atzera luzatzeko utziaz ere bai airez sartzeko posturarekin aurkariak aurrekaldera ekarriaz. Bi tanto egin zituzten horrela eta hoieri Etxebarriak egindakoak beste zortzi erantsi behar, 3 ezker gantxoz, 2 txokoan utzita eta beste 3 sakez. Lau pilota galdu zituan eta hoietako bi erasoan.

Gaizka Iruretagoiena Astiasuarrak ere ez zuen gaizki jokatu nahiz eta 5 pilota galdu, eta hauetako 3 sake ekartze lanetan. Lehen aipatutako atzekaldera jotako bi pilotakadekin egindakotaz aparte orma biak jota ere egin zuen beste tanto polita bat aurre koadroetan.

Galtzaileen aldetik esan behar atzo ez zirela buru makur etxera joango galdu izanagatik bakarrik, dakitena egin ez zutelako ere bai ziur aski. Biak ere pilota gehitxo galdu zuten eta ez zuten lortu nagusitzea kantxan. Inigo Larunbek lau tanto egin zituen eta sei galdu, hoietako hiru erasoko pilotetan.

Joseba Sarasak ere ohi baino pilota gehiago galdu zuen, lau eta gehienak goikaldera botatakoak. Beste 3 ekarri gabe geratu zirenak baina hauek Etxebarria sakatzailearen merituz batipat. Pilotakada ederrak jo zituen ezker eskubiz baina ez zuen lortu garbi nagusitzea atze koadroetan eta arlo honek ere zer ikusia izan zuen azken emaitzan noski.

 

Hogeitahiru urte arteko pilotarien mailan, aurreko bi partidak irabaztetik zetorren ARRIETA-IMAZ bikotea izan zen nagusi, eta garbi nagusitu ere markagailuari begiratuta. 22 eta 8 irabazi zioten DORRONSORO-URRUZOLA bikoteari, hauek aurreko partidan AIZPURU-ETXANIZ azpeitiarrei irabazi zioten markagailu berarekin alajaina. Ez zen ordea izan errez irabazitako norgehiagoka atzokoa ere, lan asko eta ona egin behar izan zutelarik gerriko urdindunak hori gerta zedin. Partida luzea eta gogora jokatu behar izan zuten lau pilotariak naiz eta tanto gehienak alde batetara erortzen ziren eta horregaitik diferentzi hori.

Bikain irabazleak eta naiz eta atzo ere Ander Imaz Oiartzuarrak bere lana oso ondo egin, Ioritz Arrieta Hernaniarra izan zen diferentziak markatu zituena. Atzoko norgehiagoka irabazteko aurrekoetan baino gehiago egin beharko zuela jabeturik etorri zen nunbait Zestoara, eta naiz eta haietan, Uztailak 26 eta Abuztuak 6koan, akats gutxirekin eta pilota aurkariari kenduaz serio jokatu zuen, atzo beste gehiagarri bat izan zuen bere jokoak. Defendatu bakarrik ez, tantoak egitea ere berari tokatzen zitzaionez egin ere bai. Bederatzi egin zituan, txapagainez jota 2, txokoan utzita beste 2, ezkerrez botera goitik behera zabalera jota beste 2, ezker gantxoz 1, sakez beste 1 eta atzera luze jotakokoa azkenengoa. Defentsa lanetan oso ondo baita ere, azkar joan eta gogor erantzunez Dorronsororen ezker gantxoz zabalean eta toxkoan utzitako pilotei, eta zer esanik ez sake ateratzen, ondo bideratuta eta luze, Dorronsorok airez eta sotamanoz kentzen ez zionean, aprobetxatuz bigarren sakearen aukera lehenegoan pasa eginez gero. Lau pilota galdu zituen baina hoietako hiru erasoan jotakoak.

Ander Imazek atzo ere, eta naiz eta hirugarren aldiz aritu gauza bera esaten, oso norgehiagoka ona jokatu zuen. Pilota bat bera ere ez zuen galdu eta txokoan utzitako pilota batekin tanto bat lortu heuren alde. Ez gera aspertzen esaten pilota bizi ateratzen zaiola eskuetatik, aurkari aurrelariari asko zaildu edo murriztuaz errematatzeko aukerak pilota ekartze lanetan, eta gogor astinduz atze koadrotara luze edo ezker ormaren kontra moztuaz aukerako pilota hartzen duanean, beti ere erne egonik hauen zain.

Galtzaileen mesedetan ezin esan gaizki jokatu zutenik, ez eta gutxiago ere. Ahal zutena egin zuten bainan lehen aipatu bezela atzoko partida irabazteko tantoak egin beharra zegoen eta Dorronsorok ezin izan zuen zeregin horretan bere nahia lortu. Behin eta berriz ausartu zen errematatzera, ezker gantxoz batipat, bainan hain aukera onak ere ez izaki, Imazen eraginez batipat, eta Arrietaren defentsako lan onagatik ere bai, ez zuen lortu tanto bat bera ere egiterik aurre koadroetan. Zeinek ete Dorronsorok…! Atzera luze jotako pilotakada batekin egin zuan bere tanto bakarra eta zazpi pilota kontatu genizkion galdutakoak, hoietako 2 sake restoan atzelariari lagundu nahian eta beste 4 erasoko pilotetan.

Julen Urruzolari ere galtzea egokitu zitzaion atzo baina ez gaizki jokatu zuelako. Lau pilota galtu zituen bainan bi egin ere bai, atzera gogor astindutako pilotakadaz. Naiz eta laurdenetako partidan erakutsi zigun txispa edo kolpe freskotasun hura ez zitzaion nabaritu, ondo luzatu zuen pilota atze koadroetara ezker eskubiz, errebote ondotik pilota bat edo beste ekarri behar izan zuelarik Imazek. Bi aurkariak jokatutako partida haundian eta bere aurrelariak tantoak egiteko orduan erakutsitako eraginkortasun faltari egotzi behar atzoko partidaren emaitza. Eskuetako arazoak gaindituak jada, hobekuntza eta gorakada nabarmena egin du Asteasuko pilotari honek azken urtebetean eta atzelari posturako berarekin kontatu behar litzatekela erakutsi edo frogatu ere bai konpromisu haundiko txapelketa eta partidetarako.

 

Bihar osteguna, Abuztuak 22, jokatuko da finalerdietako bigarren jardunaldia honako pilotari hauekin:

 

– Jubenil mailan………………… UGALDE-Xanet IMAZ…// ERRANDONEA-AGIRRE

– Nagusi, 23 urte arteko, mailan…SANTXO-LASA………// URRETABIZKAIA-AIZPITARTE.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE