Igandean, goizeko 10etan, Hendaiako ezker-paretan, Berria Txapelketako final-zortzirenetako bigarren kanporaketa jokatuko da Irurtzun eta Iparraldeko taldeen artean. Iparraldek zerrendaburu bezala ekin dio txapelketari, Irurtzunek, aldiz, Zaramagaren aurkako hiru partidak irabazi zituen lehen kanporaketan.
Hauek izango dira partidak.
KADETE MAILAN : ETXEGARAI – AZARETE (IPARRALDE) / BERAZA – DE LA CRUZ (IRURTZUN): Bikote nafarra da faboritoa. Lehen kanporaketan maila ona eman zuen eta ez dirudi Iparraldeko bikoteak eskarmentu askorik duenik maila honetako txapelketetan.
GAZTE MAILA : ALKASENA – MENDI (IPARRALDE) / ZUDAIRE – MARIEZKURRENA (IRURTZUN): Partida orekatuagoa dirudi. Iparraldeko bikoteak GRAVNIn parte hartu berri du, eta partida bakar bat ere irabazi ez duen arren, Hego Euskal Herriko bikoteekin lehiatzeko maila duela erakutsi du. Nafarrei dagokienez, eta lehen kanporaketan erakutsi bezala, maila ona dute. Atzean Mariezkurrena dago, Aspe enpresa profesionalak begiz jota duena pilotari gaztea.
NAGUSI MAILA : BILBAO – AGERRE (IPARRALDE) / ONGAI – MITXELENA (IRURTZUN). Jaialdiko azken partidak itxura oso ona du. Bikote nafarra aski ezaguna da, biak ala biak profesional ohiak dira eta sasoi onean daude. Ongaik GRAVNIko finala jokatu du gaur Nafarroa ordezkatzen. Iparraldeko bikotea ere ez da herrena, Bisintxo Bilbao bere mailako aurrelari onenetarikoa da eta Agerrek 22 urtez azpiko Munduko txapelketa joka zuen iaz, Tarbesen.