Final-zortzirenetako bigarren jardunaldia joan den igandean jokatu zen Hendaian (Lapurdi), Iparraldeko eta Irurtzungo pilotarien artean. Pilotalekuan bildutako zale apurrek hiru partida on ikusi ahal izan zituzten. Kadete eta jubenil mailan etxekoak nagusitu ziren, eta hirugarrenean nafarrek atera zuten aurrera neurketa. Hiru bikote irabazleek Lemoaren aurka jokatuko dute final-laurdenetan.
KADETEAK. ETXEGARAI – AZARATE (IPARRALDE) 22 BERAZA – DE LA CRUZ (IRURTZUN) 17
Partidaren iraupena. 54 minutu.
Egindako tantoak. Etxegaraik 12 (sakez 5), Azaratek 1 eta Berazak 4 (sakez 1).
Galdutako tantoak. Etxegaraik 7, Azaratek 6, Berazak 2 eta De la Cruzek 7.
Markagailua. 1-1, 2-3, 3-4, 4-4, 5-5, 6-6, 7-9, 8-11, 11-11, 12-13, 13-14, 14-14, 15-21, 17-22.
Ezustea nagusitu zen jaialdiko lehen partidan. Iparraldeak sekula ez zuen plazaratu izan orain arte ezker horman aritutako bikoterik, baina oraingo honetan estatistika hautsi zuen. Hortaz, partida estua eta polita jokatu zuten; etxekoak bikain aritu ziren, eta, nafarrak, egiari zor, ez zuten euren maila eman. 14na arte berdintasuna izan zen nagusi, eta hor pilota aldatu zuten etxekoek. Bada, lehia hautsi eta irabazi egin zuten. Iparraldeko bikoan Patxi Etxegarai izan zen onena. Postura onak erakutsi zituen ezker eskuin, abiadura eman zion pilotari eta bolea baliatu zuen min egiteko. Azarate ere seguru aritu zen. Nafarrek, berriz, sendotasuna erakutsi zuten, baina antzu aritu ziren tantoa bukatzerako garaian.
GAZTEAK : ALKASENA – MENDI (IPARRALDE) 22 ZUDAIRE – MARIEZKURRENA (IRURTZUN) 11
Partidaren iraupena : 42 minutu
Egindako tantoak: Alkasena 11 (4 sakez) Mendi 1, Zudaire 2, Mariezkurrena 2
Galdutako tantoak: Alkasena 2, Mendi 5, Zudaire 2, Mariezkurrena 8
Markagailua: 1-3, 2-4, 4-4, 5-11, 7-12, 8-13, 9-15, 10-16, 11-17, 11-22
Gazteen partida pilotak baldintzatu zuen erabat. Hendaiako Beltzenia pilotalekuaren lur bizirako azkarregia zen pilota, eta berdintasuna 4nara arte soilik iraun zuen. Hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren Iparraldekoak. Oso ongi aritu ziren, Xabi Mendi atzelariak ondo defenditu zuen bere aurkariaren kolpea eta horrez gain ongi bete zituen kantxako hutsuneak. Dena den, Xabi Alkasena izan zen partidako onena. Fisikoki arazoak zituen arren, sakea bikain atera zuen eta errematea ere fin aritu zen. Kadeteetan gertatu bezala, nafarrek ez zuten euren mailarik eman. Josu Zudaire aurrelariak apenas izan zuen aukerarik jokoan sartzeko, eta Iker Mariezkurrena kokatu ezinik aritu zen uneoro pilotalekuko lurrean. Hori bai, bi errebote jo zituen.
NAGUSIAK: BILBAO – AGERRE (IPARRALDE) 8 ONGAI – MITXELENA (IRURTZUN) 22
Partidaren iraupena: 26 minutu
Egindako tantoak: Bilbao 3, Agerre 1, Ongai 14 (10 sakez) Mitxelena 1
Galdutako tantoak: Bilbao 3, Agerre 4, Ongai 1, Mitxelena 3
Markagailua: 1-1, 2-2, 3-4, 4-4, 5-12, 6-15, 7-21, 8-22
Oso azkar joan zen nagusien partida. Lehia orekatuagoa eta gogorragoa espero zen, baina orekak launakora arte iraun zuen. Irurtzungo bikoteak askoz sendotasun handiagoa erakutsi zuen hortik aurrera, esperientzia handiko bikotea izaki. Ongaik min handia egin zuen saketik, eta Mitxelena nagusi izan zen peloteoan. Ez zuen lan handirik izan, dena den. Agerre ezin jarririk aritu zen une oro, eta huts nabarmenak egin zituen. Bilbao, berriz, nahi eta ezin aritu zen, ur korrontearen kontra. Aukera izan zuenean ere ez zuen asmatu.