XI BERRIA TXAPELKETA

Final-zortzirenetako hirugarren jardunaldia jokatu zen igande goizez Hernaniko Udal pilotalekuan, Hernaniko eta Iruñeako Oberena pilota elkarteko pilotarien artean.

 

KADETEAK. PAGOLA – LAZKANO (HERNANI) 4; GARCIA – CORDON (OBERENA) 22

 

Partidaren iraupena: 31 minutu

 

Egindako tantoak: Pagola 2, Garcia 14 (6 sakez) Cordon 3

 

Galdutako tantoak: Pagola 2, Lazkano 3, Garcia 1, Cordon 1

 

Markagailua: 1-1, 2-9, 3-20, 4-22.

 

 

Emaitzak adierazten duen bezala, Oberenako bikotea jaun eta jabe izan zen kantxa gainean, eta alde handia nabaritu zen bi bikoteen artean. Iban Garcia eta Pablo Cordonek erakutsi zuten, beste behin, kadeteetan dagoen bikoterik indartsuenetakoa osatzen dutela. Egiari zor, Hernaniko bikoteak bere mailan jokatu zuen, txukun, eta lehiakortasuna erakutsi zuten, pilota bakar bat galdutzat eman ez zutelako. Ordea, alde nabarmena zegoen, eta 22-4 nagusitu ziren Oberenakoak.

 

 

JUBENILAK: LABAKA – ERASUN (HERNANI) 22; OKIÑENA – ANDUEZA (OBERENA) 21

 

Partidaren iraupena: 69 minutu

 

Egindako tantoak: Labaka 15 (4 sakez) Erasun 2, Okiñena 11, Andueza 2

 

Galdutako tantoak: Labaka 6, Erasun 2, Okiñena 5

 

Markagailua: 1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-8, 7-9, 8-12, 9-14, 13-15, 14-16, 16-16, 19-17, 19-19, 21-20, 21-21, 22-21.

 

 

Pilotalekuan bildu ziren 100 pilotazaleek zorte galanta izan zuten, txapelketak orain artean eman duen partidarik onena ikusteko aukera izan baitzuten. Oreka handiz eta gogor hasi zen norgehiagoka (5-5), lau pilotariak fresko eta maila onean. Lehen tantoen ondoren Peru Labaka zizurkildarrak akats batzuk egin zituen, presa tarteko, eta 14-9 aurreratu zen bikote nafarra. Ordea, Jon Erasun agertu zen orduan, eta piloteoan nagusitzen hasi zen. Horrek lasaiago jokatzeko aukera eman zion Labakari, eta berriz ere bere onera etortzen hasi zen. Tanto ikusgarriak egin zituen, eta markagailua berdintzea lortu zuen (16-16). Aurretik ere jarri ziren Hernanikoak (19-17). Orduantxe agertu zen Javier Okiñena: ordura arte ongi ari bazen, zer esanik ez handik aurrera. Sake-errematearekin arriskatuz, tanto bikainak lortu zituen, eta 21nakoarekin dena erabakitzeke utzi zuen. Azken tantoa gipuzkoarrek egin zuten. Nabarmentzekoa izan zen lau pilotarien lana, baina batez ere Xabier Anduezarena. Partida osoan ez zuen pilota bakar bat ere galdu, asko baztertu zuen, eta Erasuni ez zion utzi bizkarra erakusten. Esan daiteke bera izan zela partidako onena.

 

 

NAGUSIAK: OJUEL – LIZEAGA (HERNANI) 20; ANSA – ETXEGOIN (OBERENA) 22

 

Partidaren iraupena: 57 minutu

 

Egindako tantoak: Ojuel 5 (3 sakez) Lizeaga 2, Ansa 8 (1 sakez) Etxegoin 3

 

Galdutako tantoak: Ojuel 2, Lizeaga 9, Ansa 7, Etxegoin 6

 

Markagailua: 1-2, 2-6, 6-7, 7-7, 8-9, 9-9, 10-10, 13-11, 14-12, 15-14, 17-15, 18-16, 18-18, 20-20, 20-22.

 

 

Jaialdiko azken partida ere emozio handikoa izan zen, baina mailari dagokionez ez zen jubenilena bezain ikusgarria izan, akats asko izan zirelako. Neurketa berdindua egon zen 10nara arte, nahiz eta Etxegoin nagusi zen atzeko koadroetan. Hori bai, Asier Ansak ez zion asko lagundu, akats dezente egin baitzituen erasoan. Hernaniko bikotea ere nahi eta ezin aritu zen: Markel Lizeagak behar baino akats gehiago egin zituen, eta Paul Ojuel partidan sartu ezinik ibili zen, buru gainetik pasatutzen baitzizkioten pilotakadak. Hori bai, sake-erremateari esker 18-16 aurretik jarri ziren Hernanikoak. Nafarrek, baina, ez zuten etsi. Lanean segi, eta neurketari buelta ematea lortu zuten. Ansa fin aritu zen azken txanpan eta horri esker Oberenak 22-20 irabazi zuen azken partida.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE