Igandean, Hernanin, 10:45ean, hiru partida jokatuko dituzte: kadeteetan, Zazpi Iturri eta Oberena ariko dira; jubeniletan, Markina eta Hernani; eta nagusietan, Markina eta Oberena.
KADETEAK: ZUBIZARRETA – ALBERDI (ZAZPI ITURRI) / GARCIA – CORDON (OBERENA) Partida parekatua espero da. Mailako lau pilotari onenak dira: Zazpi Iturrikoak Euskal Ligako txapeldunordeak dira, eta nagusitasunez irabazi zioten Titin III.aren bikoteari lehen kanporaketan. Oberenako bikotea, berriz, Nafarroako txapeldunordea da, eta bi kanporaketa gainditu dituzte jada, Lagun Onak eta Hernaniren aurka.
JUBENILAK: ARRIZABALAGA – URIZAR (MARKINA) / LABAKA – ERASUN (HERNANI) Hernaniko bikotea da faborito: Gipuzkoako txapeldunak dira, eta Erasun atzelariak GRAVN txapelketa irabazi berri du. Kostata irabazi zioten Oberenari, eta horregatik, gora egin beharko dute Markinako bikotea kanporatu nahi badute. Bizkaitarrak Euskal Ligako finalerdiak jokatu zituzten, eta bi kanporaketa gainditu dituzte jada, Titin III.a eta Zazpi Iturriren aurka.
NAGUSIAK: MALAX – KASTILLO (MARKINA) / LOPEZ – ETXEGOIN (OBERENA) Hau ere partida parekatua espero da. Markinako bi pilotariak eskarmentudunak dira, nahiz eta bikotean Kastillo nabarmentzen den. Titin III.a kanporatu zuten, eta ezusteko galanta eman zuten jarraian, Zazpi Iturri lehiatik kanpo utzita. Nafarroako bikoteak eskarmentu gutxiago du, gazteak baitira bi pilotariak. Etxegoin atzelaria nabarmentzen da, orain arte txapelketako ezusteko nagusia. Ondo ari dira, eta bi kanporaketa gainditu dituzte jada, Lagun Onak eta Hernaniren aurka.