Gauz on asko bart arratsean ikusitakoak azken laurdenetako ondarreko saioan Zestoan, hauexek jokatutako bi partidetako emaitzak:
1. P. LABAKA-MARIEZKURRENA…12 / MATXINANDIARENA-URIZAR….22
2. ARRIETA-ATXA……………………….22 / OLANO-MURGIONDO…………….15
Jubenil mailako norgehiagoka jokatu zuten pilotariak etxera asetuta joateko adina eskeini ziguten, jokoan jarritako lehenbiziko tantotik hasita txantxetan ibiltzera ez zirela etorri garbi asko nabarituaz. Kriston tiki-takea bi aurrelarien artean eta atzelariak nor baino nor gogorrago. Gauzak horrela hiruna, seina eta zortzina tantotara berdinduak egon ziren markagailuan, bikote batek besteari ihes egiten utzi gabe. Horrelakoetan sarri gertatu ohi dan bezela ordea, hain bizi eta intentsitate haundiz jokatzeak bere ondorioak ekartzen ditu eta gerriko urdinez kantxaratutako Matxinandiarena-Urizar bikotearen sendotasuna pixkana pixkana gailentzen joan zen Peru Labakaren aurrejoku gustagarri eta Iker Mariezkurrenaren pilota joaldi dizdiratsuari. Bigarren zatian tantoak errezago erabaki baziren ere 55 minutuko iraupena izan zuen, oso egonaldi edo hutsarte gutxirekin, jokatutako norgehiagokak.
Banan bana aipatuz Iban Matxinandiarenak 8 tanto egin zituen eta 4 galdu. Aurrelari eraginkorra zalantzarik gabe, berari tantoa egitea ez da lan erreza eta gutxina usten den garaian di-da berak egin. Oso ondo Zeamarra.
Bere bikote lagun Mikel Urizar Markinarrak ere oso partida ona jokatu zuen. Lehenengo tantoetan ibili zen gaizkien, kantxara egokitu artean edo, baina hortik aurrera izugarrizko sendotasuna erakutsi eta Mariezkurrenaren pilotakadei ondo erantzuteaz gain Labakak ezker txokoan utzitako pilotetara iritxi eta pilotaka ederrak jo zituen atze koadrotara. Tanto bat egin eta hiru galduaz atzelari ona Markiñarra, Zeamarrakin batera oso bikote ona egiten dutela frogatuz.
Peru Labaka Zizurkilgo aurrelari estilistak lortu ez bazuen ere nahi adina tanto egitea, etzen izan ahalegindu ezagatik. Majo saiatu zen alajaina pilota alde batetik bestera bidaliaz, baina lehen esanda bezela bikote aurkariari tantoa egitea oso garesti atzo. Eta egin beharra zegoelarik partida irabazi nahi bazan, bigaren zatian arriskatzea erabaki zuen eta erasoan hiru pilota galdu ere bai. Denera 4 egin eta 4 galdu.
Iker Mariezkurrenari ere traza hona hartu genion atzo. Iaz altuera ederreko mutil gaztea ezagutu genuen baina are eta gehiago luzatu da, eta besoak ere halakoak izanik pilota atzean jartzen du. Errez libratzen du pilota bi eskuekin eta postura dotorea du jotzeko garaian. Baztartutako pilota zail askoak ere eakrri zituen eskumutur eta ukondoaz baliatuz. Gogotsu, pilotari emanez eta kantxako zuloak beteaz. Ahalegindu zen partidaren lehen zatian jokoa menderatzen baina bikote gogorra zeukan aurrean. “Buena” eginda bakarrik jai zegoalarik, eta pixkabat nekatua ere bai ordurarteko trotearengatik, bigarren zatian pilota dezente biali zuen goiko txapaz gora aurkarien arteko zuloa ireki nahian.
Bigarren norgehiagoka azkarrago joan zen. 3 eta 2, bosna, 9 eta 7, 13 eta 12, 19 eta 14, eta 22 eta 15ko ibilbidea eginaz markagailuak. Norgehiagokaren ezaugarri bat nabarmendu behar bagenuke, bi aurrelariak pilotari emandako abiada edo ziztu biziarena zalantzarik gabe. Olano Aresoarrak, Etxaniz Azpeitiarra ordezkatuz azken unean, eta Arrieta Hernaniarrak ederki dantzatu zuten pilota bai, atzelariak nahi bezain ondo edo errez ekartzeko modua galeraziaz.
Ioritz Arrieta soltura haundiarekin eta errez jokatzen ikusi genuen, bere buruarekin daukan konfiantza agerian jarriaz. Sakearekin min haundia egin zuan eta aurekoadroetan pilota mugitu ere bai. 8 tanto egin eta 2 galdu.
Bere atzelari Unai Atxaren hasiera kaxkar xamarra izan zen, pilotara jarri ezinik eta segurantzirik erakutsi gabe. Asentatu zen ordea eta, lan gehiegirik ere ez zuanez izan, norgehiagoka aurrera aterazeko hainbeste lagundu zion aurrelariari.
Anartz Olanori sentsazio onekin etorritako trazak hartu genizkion. Abuztuaren 1eko aurrekanporaketan eskuetako arazoengatik jokatu gabe geldituak, ohi bezain bizi eman zion pilotari eta ondo sakatzeaz gain tanto ikusgarriak egin zituen. Gutxitxo egia esanda, aukera gehiegi ere ez izateaz gain tanto egiteko izan zituen bi pilota garbirekin benetako txapa hotsa nolakoa den gogoraerazi zigualako ere bai.
Bikote lagun Daniel Murgiondo Azpeitiar atzelaria ez zen eroso ibili kantxan. Sakalari haundi baten pilotei erantzutea tokatzen zitzaion atzo eta lan zailak jasotzaile onenantzat ere. Hala eta guztiz lan horretan beste galdu zuen gainontzeko joku esparruan. Saiatu zen gogo haundiz eta eskertzekoa hori.
Eta atzoko jardunaldiaren ondoren, eta egutegiari so, erabakita behar zuteken izan finalerdietako pilotari eta hauen partidetako egunak, baina arrazoi bat edo besterengatik aurreikusita bezela ez dira jokatuko eta hara hemen egin behar izan degun aldaketa: Urbieta-Erasun, ez batak ez besteak, bikotearen jokatu ezina dela eta, Euskadiko Herriarteko finalak egun berean egokitu izanagatik Uztailaren 25an Zestoan jokatu gabe gelditu ziren Errandonea-Martinez bikoteak jokatu du. Ez ordea Abuztuaren 21ean, 19an baizik, eta hau Labaka-Irusta bikoteari irabazita daukan finalerditako lekua ez kentzeagatik, Aitor Irustak Antiguoko txapelketan ere finalerditako partidua daukalako 19an. Beraz eta beste nobedaderik ezean era honetan jokatuko dira finalerdiak, gazte mailakoak aurreikusita bezela, eta 23 urte arteko nagusi mailakoak aipaturiko aldaketekin, egutegi eguneratuan eta jarraian ikus dezakezuen bezela:
· Abuztuaren 19an:
1. Jubenil mailan…………………. ZUBIRIA-ESKUDERO / ELORDI-OTADUY, eta
2. 23 urte arteko nagusikoan AZKETA-AIZPURU…. / ERRANDONEA-MARTINEZ
· Abuztuaren 21an:
1. Jubenil mailan…………………. ETXEBARRIA-SALEGI / MATXINANDIARENA-URIZAR, eta
2. 23 urte arteko nagusikoan ARRIETA-ATXA……… / E.LABAKA-IRUSTA.
Zumaiako Kirol Elkartea.
Zorionak berriro antolatzaileari, pilotari ez ezagunak jokatzen jartzeagatik Dinastia Etxabe txapelketan, Matxinandiarena eta Atxak erakutzi dute bere maila ona eta demostratu dute berriro pilotari asko daudela, pilotako zirkuitu pribatuetan sartzeko maila ba daukatenak, ia antolatzaileak enteratzen diran eta arpegi berriak ikusten ditugun, garaia da.