III. ANTTON PEBET MEMORIAL: OSTIRALEAN ETA IGANDEAN FINAL LAURDENEN AZKEN JARDUNALDIAK JOKATUKO DIRA

ARANGUREN, SALABERRIA, DARIO, ARTEAGA, GORROTXATEGI BESTE BATZUEN ARTEAN IZANGO DIRA ASTEBURUKO IZARRAK

Asteburu honetan jokatuko dira III. ANTTON PEBET MEMORIALEKO final laurdenen azken jardunaldiak. Beste behin ere, antolakuntzak izar gazteen eta zaildutako pilotari eta maila handikoen arteko nahasketarekin apustu eginez jarraitzen du.

Ostiralean kadete mailako partida bat eta jubenil mailako bi jokatuko dira. 18:30ean hasiko den lehen partidan Sein Oiartzuarrak eta Aranguren Usurbildarrak eta Iriarte azpeitiarrak eta Balerdi bergararrak jokatuko dute. Sein pilotari teknikoa da eta berarekin kadete mailako atzelari onenetako batek jokatuko du; Arangurenek kolpe freskoa izateaz gain tantoa amaitzen ere badaki. Beraien aurkariak ez dira gutxiagorako; Iriarte ausarta da eta tantoa erraz amaitzen du eta bere atzelariak kolpe bizia du. Lau pilotariak Gipuzkoako Federazioak gidatzen duen teknifikazio planaren barruan daude. Partida benetan erakargarria lehena.

Jubenil mailako bigarren partidan, Erreka taldeko Juankorenak eta Huarteko Anduagak Lizarrako Zalduondo eta Zestoako Salegiren aurka jokatuko dute. Partida polita espero da non atzelariek zein aurrelariek lehia polita izango duten bakoitzak beraien esparrruan. Salegi Gartzarongo txapela irabazi berri duen pilotaria da. Hiru nafar eta Gipuzkoar bat ariko dira partida honetan.

Jaialdia itxiko duen partidan Andoaingo Gazteleku taldeko Oiarbidek eta Amezketako Erauskinek Beraza irurtzundarraren eta Garmendiaazkaotarraren aurka jokatuko dute. Lau pilotari bikainen arteko partida espero da eta bertan nahiz eta Beraza orain gutxi arte lesionaturik egon, bere lagun den Garmendiaren momentu ona tarteko faboritotzat jotzen dira.

IGANDEA IZARREN PASEALEKU

Villabonako Igandeak izar gazteen eta pilotari bikainen pasealeku bilakatzen ari da.

Goizeko 10:30ean hasiko den jaialdian kadeteen partida batekin eta nagusi mailako birekin gozatu ahalko da.

Lehen partidan Erreka taldeko Salaberria eta Mariezkurrenak Azkoitiko Oteizaren eta Oiartzungo Etxeberriaren aurka jokatuko dute. Lehen biak maila handiko pilotariak dira: joku handia dute, errematea eta azkarrak dira. Beraien aurkariak berriz gogo handiarekin etorriko dira Villabonara eta Etxeberria, bi esku bikaineko pilotariak lan handia egiten dakiela plazaratuko du. Lehen biak faboritotzat jotzen dira.

Bigarren partidan batetik, Arteaga lasartearra Gorrotxategi hernaniarrarekin plazaratuko da eta bestetik berriz, Ikaztegietako Urretabizkaia eta Imaz oiartzuarra. Izugarrizko partida espero da. Arteaga, Asegarce enpresarekin aurrekontratua duena joko bolada bikainarekin dabil, orain bi aste Gipuzkoako Lehen Mailako txapela irabaziz eta bere laguna afizionatutan egon daitekeen atzelari onenetakoa dugu, orain gutxi Gipuzkoako Ohorezko mailan txapeldun geratutakoa gainera. Beren aurkariek, Urretabizkaia eta Imazek Ojuel eta Martinez bikote sendoa menderatu zuten final zortzirenetako partidan eta txapelketa honetan aurrera jarraitzeko gogo izugarriarekin daude. Orduan bezain beste jokatzen badute, partida bikainaz gozatzeko aukera izango da Villabonako Bear Zana pilotalekuan.

Jaialdiko azken eta hirugarren partidan izar nagusia Dario errioxarra izango da. Asperekin kontratua sinatua duen pilotariak Matute izango du bizkartzain. Txapelketan parte hartuko duen bikote errioxar bakarra izango da honakoa. Beren aurkariak Etxebarria gernikarra eta Santxez astigarragatarra izango dira. Hauek, txapelketan parte hartzeko beraien tokia Villabonako Santio txapelketa irabaztean lortu zuten. Lehen final zortzirenetako partidan Txapelketako talde antolatzaile den Behar Zanako Lizaso eta Erreka bikotea 22-17ko emaitzaz menderatu ostean partida gogorragoa izango dute igandean. Dario gazteak joko handia du eta Matutek esperientzia eta lana ziurtatuko ditu. Etxebarria pilotari teknikoa dugu, pilota ederki mugitzen dakiena eta Santxez momentu oso onean aurkitzen da, golpe biziarekin eta pilota gutxi galduz. Bakoitzak berea ongi egin ezkero, partida ederra ikusteko aukera izango dugu.

Jaialdi ederrak izango dira berriz ere Villabonan eta jaialdi guztietan bezalaxe, hauetan ere sarrera doakoa izango da. Aukera paregabea egun dauden pilotari onenak ikusi ahal izateko.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE