ZAZPI ITURRIK ETA UHARTEK FINAL-ZORTZIRENETAKO KANPORAKETA JOKATUKO DUTE LARUNBATEAN, AMEZKETAKO PILOTALEKUAN (17:30)

Aurrera jarraitzen du Berria Txapelketak, eta asteburu honetan final-zortzirenetako laugarren kanporaketa jokatuko dute Amezketako Zazpi Iturrik eta Uhartek, Amezketan bertan, 17:30ean. Zozketak onerako edo kalterako izaten dira askotan, eta aurtengoan Euskal Herriko bi talde indartsuenetakoak elkarren kontra ariko direla erabaki zuen. Izan ere, nola Zazpi Iturrik hala Uhartek txapeldun izateko moduko taldeak dituzte, baina batek bide bazterrean geratu beharko du asteburu honetan. Hori bai, ikuskizuna ziurtaturik dago, maila goreneko pilotariak ikusi ahal izango baitira.

Pilota elkarte bakoitzeko entrenatzaileek, bai Paco Caballerok (Uharte) eta bai Xalton Zabalak (Zazpi Iturri) honako pilotariak kantxaratuko dituzte.

 

Kadeteak: Uriz – Elizalde (Huarte) / Alberdi – Zubeldia (Zazpi Iturri)

Gazteak: Laso – Martija (Huarte) / Zubizarreta – Erauskin (Zazpi Iturri)

Nagusiak: Garralda – Linzoain (Huarte) / P.Labaka – Erostarbe (Zazpi Iturri)

 

Orokorrean, kanporaketa irekia aurreikusten da, faborito argirik ez dagoelako, baina egia da lehenengo partidan amezketarrak faborito aterako direla. Alberdi egungo Gipuzkoako txapeldunordea da, eta Zubeldia etorkizun handiko pilotaria, nahiz eta oraindik kadete lehen urtekoa izan. Bikote indartsua osatzen dute. Uriz eta Elizalde lan duina egiteko gai dira, baina gaur-gaurkoz, badirudi dezenteko aldea dagoela bi bikoteen artean. Hortaz, pronostikoak Zazpi Iturriren alde aterako dira jaialdiko lehen partidan.

Bigarrenean alderantziz gertatuko da. Uhartek Laso eta Martija kantxaratuko ditu, eta atzelaria bere urterik onena egiten ari ez bada ere, Laso sekulako maila erakusten ari da. Dagoeneko profesionaletako bi enpresa nagusiek begiz joa dute, eta ez da harritzekoa, Espainiako txapelduna izan baita, besteak beste. Gainera, nagusien mailan jokatzen ari da, eta gazteetan ondo ibili behar luke. Dena den, erne jokatu beharko du, aurrean bikote sendoa izango baitu. Zubizarreta kadetea da oraindik, baina Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapeldun izan da gazte mailan. Erauskinek ere emaitza onak lortu ditu, eta sendotasuna erakusten du. Faborito Uharte izan arren, edozer gerta daiteke.

Baliteke kanporaketa nagusien mailan erabakitzea. Hasiera batean, hauxe aurreikusten da jaialdiko partidarik orekatuena. Nafarrek esperientzia dute alde, eta gipuzkoarrek freskotasuna eta ausardia; berea hobekien egiten duenak asko izango du irabazita. Garralda pilotari indartsua da, eskuin eskuarekin min handia egiten du, eta azkenaldian bere onenean ez badago ere, denek dakite zer nolako maila duen. Linzoain ere, Garralda bezala, pilotari beteranoa da, eta aurten Espainiako txapela jantzi du. Honi irabazteko lan handia egin beharra dago. Bada, horretan saiatuko dira Peru Labaka eta Erostarbe. Labaka aurrelari bizia da, ausarta, eta errematean abila. Erostarbe berriz kolpe freskoarekin dago. Aspe eta Asegarcerekin entrenatzen ari da, eta erakutsi nahiko du zergatik.

Bistan denez, afizionatuetan maila gehiagoko jaialdirik antolatzea nekeza da. Hiru partida gogor eta on ikusteko aukera izango dute pilotazaleek, eta badirudi Amezketako pilotalekuko harmailak beteta izango direla.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE