MARKINA ETA HERNANI AURREZ AURRE ARIKO DIRA IGANDEAN HERNANIN, FINAL-ZORTZIRENETAKO TXARTELAREN BILA

Gelditu ere egin gabe, aurrera jarraitzen du XII. Berria Txapelketak, eta igande honetan final-zortzirenetako seigarren kanporaketa jokatuko da Hernaniko Udal Pilotalekuan. Nor baino nor gehiago ariko dira batetik, Hernaniko pilotariak, eta, bestetik, Markinako ordezkariak. Pello Uriona Markinakoak eta Josu Oiaga Hernanikoak ondorengo pilotariak kantxaratuko dituzte.

Kadeteak: Agirreamalloa – Ibarloza (Markina) / G.Arizmendi – Lazkano (Hernani)

Gazteak: Arrizabalaga – Urizar (Markina) / Salegi – Garmendia (Hernani)

Nagusiak: Albizu – Kastillo (Markina) / Arrieta – Lizeaga (Hernani)

Hasiera batean behintzat, ez da faboritorik aurreikusten kanporaketa honetan. Kadeteei dagokienez, neurketa orekatua izatea espero da; izan ere, lau pilotariek antzeko maila dute, eta hemen lortutako puntua oso garrantzitsua izango da gerora begira.

Gazte mailan ere partida berdintsua izatea espero da; hori bai, goi mailako jokoa ziurtaturik dago, lau pilotariak punta-puntan dabiltzanak izango direlako. Arrizabalaga eta Urizar Markinakoak egungo Bizkaiko txapeldunak dira, eta Euskal Herrian onentsuenak. Hernanik, bere aldetik, bi pilotari fitxatu ditu: Salegi eta Garmendia. Biak atzelariak dira, eta atzera joka hasten badira lan ona egin dezakete. Garmendia Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna da, eta GRAVNIko txapeldunordea. Salegik ere palmares ona dauka lortuta.

Nagusien partida oso interesgarria aurreikusten da, eta baliteke faboritoak hernaniarrak izatea. Arrieta eta Lizeagak bikote sendoa osatzen dute, arriskutsua. Sei hilabete geldirik egon ondoren, ikasketak tarteko, Arrieta gogotsu itzuli da kantxetara, eta inoiz baino kolpe freskoagoarekin dago. Berriz ere lehengo maila bikain hura hartzeko gogotsu. Lizeaga, bere aldetik, denboraldi aparta osatzen ari da, txapeldunorde izan baita Euskadi mailan. Albizu eta Kastillok osatutako bikotea ere ona da. Aurrelaria gaztea da, aurreko koadroetan trebea, eta Kastillok esperientzia handia du.

Giroa berotu asmoz, Hernaniko antolakuntzak pintxoak eta sagardoa jarriko ditu dastagai pilotalekura hurbiltzen diren guztientzako. Beraz, giro ona ziurtaturik dago.

 

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE