XII BERRIA TXAPELKETA (MARKINA – AMURRIO)

Ostiral gauez Amurrion XII. Berria Txapelketako final-zortzirenetako hirugarren kanporaketa jokatu zen, eta, aurrez espero bezala, Markinak gainditu egin zuen etxeko taldea. Lehen bi partidak irabazita, bizkaitarrek finalerdietarako txartela lortu zuten, eta Iruñeko Oberenaren aurka ariko dira finalaren lehian hurrengo astean.

 

Kadeteak : Agirreamalloa – Ibarloza (Markina) 22 Albizuri – Gorostizaga (Amurrio) 11

Gazteak: Arrizabalaga – Urizar (Markina) 22 Bellido – Ugarte (Amurrio) 4

Nagusiak: Albizu – Pujana (Markina) 21 Goikolea – Legarreta (Amurrio) 22

 

Nahiz eta emaitzak bestelakorik adierazi, kadeteen arteko lehia polita eta gogorra izan zen. Markinako bikoteak hobeto ekin zion lehiari, 8-3 aurreratu baitzen, batez ere Ibarlozak atzean agindu egin zuelako eta Agirreamalloak aurrean asmatu. Partida erditik aurrera, ordea, jokoa berdindu egin zen. Gorostizaga partidan sartu zen, eta bi aurrelariak aritu ziren inspiratuta. Amurrioko bikoa 15-11 gerturatu zen markagailuan, baina berriro ere Agirreamalloak aginte makila hartu eta markinarrak 22ra joan ziren zuzenean. Neurketak 45 minutu iraun zituen.

Gazteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan. Emaitzak agertian uzten duen moduan, Markinako Arrizabalaga eta Urizar jaun eta jabe izan ziren. Maila horretan egungo bikoterik onenetakoa osatzen dute, eta azaldu zuten zergatik. Aurrelariak min handia egin zuen saketik, eta Urizarrek bikain kunplitu zuen, akatsik egin gabe. Bellido eta Ugarte saiatu ziren kontra egiten, baina alferrik. Neurketak 25 minutu iraun zituen.

Gauzak hórrela, guztia erabakita zegoen nagusien partida hasterako. Halere lau protagonistek erakustaldia eman zuten kantxan. Lehiak bi fase izan zituen. Lehenengoan gehiago izan ziren Markinako Albizu eta Pujana, eta 14-9 aurreratu ziren. Biek ondo jokatu zuen. Atzelariak pilota ugari baztertu zuen eta aurrelariak asmatu zuen aurrean. Gero ordea, Legarreta agintzen hasi zen atzean, eta horrek kontuak aldatu zituen. 14, 15, 17, 20 eta 21na egon ziren, eta azken tantoan Goikoleak gantxo aparta jo zuen. Arabarrek ohorezko puntua eskuratu ahal izan zuten modu horretan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE