Igande goizean Andoainen XII. BERRIA Txapelketako lehen finalerdia jokatu zen. Harmailetan giro polita zegoelarik, Usurbilgo Pagazpe pilota elkarteak lortu zuen finalerako txartela, Andoaingo Gaztelekuri 2-1 irabazi ondoren. PIlotari kopuru nahikoa ez eta, usurbildarrek uko egin zioten gazteen arteko partida jokatzeari; ondorioz, gainontzeko bi partidak irabaztera derrigortuta zeuden. Eta halaxe egin zuten. Kadete eta nagusien mailako garaipenei esker, estreinakoz Berria Txapelketako finalean izango da Pagazpe kluba. Finala hilaren 27an, larunbata, arratsaldeko 5etan izango da. Aurkaria Markina eta Iruñeko Oberenatik aterako da.
Kadeteak: Aranguren – Odriozola (pagazpe) 22 Alberdi – Aizpitarte (gazteleku) 5
Gazteak: Exposito – Aranberri (pagazpe) NP Aizpuru – Usandizaga (gazteleku) 22
Nagusiak: Santxo – Gorrotxategi (pagazpe) 22 Eskudero – Erasun (gazteleku) 12
Kadeteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan. Pagazpeko Aranguren eta Odriozolak lehenengo tantotik bertatik eman zuten euren mailaren berri, eta 35 minutu aski izan zituzten 22-5 irabazteko.
Gaztelekuri Osa aurrelaria lesionatu zitzaion partidaren bezperan, eta hutsune horrek erabat baldintzatu zuen lehia. Aizpitarte Gaztelekuko atzelariak askotan agindu zuen atzean, baina Arangurenek min handia egin zuen jokoan sartu zenean, eta hari aurre egin ezinda ibili ziren une oro andoaindarrak. 15 tanto egin zituen Arangurenek. Odriozolak ere segurtasun handia erakutsi zuen.
Gazteen arteko partida ez zen jokatu; izan ere, Pagazpeko pilotari batek beste konpromiso bat zeukan, eta egun berean bi partida jokatu ezin direnez, uko egin zioten lehia horri. Ondorioz, Gaztelekuk 22-0 irabazi zuen gazteetan.
Gauzak hala, nagusien mailan erabaki zen guztia. Partida ikusgarria izan zen, maila altuan jokatutakoa. Ordubete iraun zuen lehiak, eta azkenerako Pagazpek 22-12 irabazi zuen. Markagailuak erakusten dueña baino lan gehiago eginda, hori bai. Gaztelekuko Eskudero eta Erasun oso indartsu kantxaratu ziren, eta aurretik jarri ziren 6-1 eta 10-6. Ondoren 12nakora igaro zen partida, eta handik Aurrera Santxok min handia egin zuen sakearekin. Guztira zazpi tanto egin zituen era horretan. Gorrotxategik eta Erasunek lan aipagarria egin zuten atzeko koadroetan, eta Santxok abiadura bizian ibili zuen pilota. Azkenean. Santxok eta Gorrotxategik erakutsi zuten zergatik diren egungo Euskal Herriko txapeldunak.