XII BERRIA TXAPELKETA (OBERENA – MARKINA)

Kito. Hiru hilabeteko jardunaren ondoren, erabakita dago jada XII. BERRIA Txapelketako finala. Hain justu, Pagazpe Usurbilgoak eta Markinak datorren larunbatean neurtuko dituzte indarrak, Hernanin. Pagazpe finalean zela jakina zen aurrez, eta, joan den ostiralean, Markinak lortu zuen balentria bera, Iruñeko Oberenari 2-1 irabazita, Galdakaon. Kadete eta nagusien mailako partidak irabazita, ondo merezita ariko dira bizkaitarrak final preziatuan.

 

KADETEAK

 

Mata-Cordon (Oberena) 22 – Agirreamalloa-Ibarloza (Markina) 2

 

Hasi, gaizki hasi zen arratsa Markinarentzat. Kadeteen arteko lehian Oberena zen faboritoa, eta argi ikusi zen zergatik. Mata eta Cordonek ezin hobeto jokatu zuten. Atzelaria nagusi izan zen piloteoan, eta aurrelariak era guztietako erremateak egin zituen. Sakearen bitartez ere min egin zuen. Agirreamalloa eta Ibarloza nahi eta ezin aritu ziren. Txapelketa duina jokatzen ari dira, urduritasunak gehiegi eragin zien, eta 22-2 galdu zuten azkenean.

 

GAZTEAK

 

Garcia-Roldan (Oberena) 10 – Arrizabalaga-Urizar (Markina) 22

 

Kadeteetan ez bezala, gazte mailan Markinako bikotea zen faborito, eta pronostikoek ez zuten hutsik egin. Hori bai, uste baino gehiago sufritu zuten Arrizabalaga eta Urizarrek garaipena lortzeko. Izan ere, Garcia eta Roldan nafarrak oso hasi ziren indartsu, eta 6-4 aurreratu ziren. Ondoren, 8nakora igaro zen lehia. Arrizabalagak presaka jokatu zuen tarte horretan, eta ez zuen batere asmatu. Kantxari neurria hartu eta jokora egokitu zenean, ordea, gauzak errotik aldatu ziren. Urizarrek sendotasun handia erakutsi zuen atzean, eta aurrelari markinarrak abiadura bizian ibili zuen pilota. Azkenean, puntua bizkaitarrentzat izan zen.

 

NAGUSIAK

 

Lopez-Etxamendi (Oberena) 17 – Pujana-Kastillo (Markina) 22

 

Gauzak hala, nagusien partidak erabakiko zukeen guztia. Bada, Markinak bi atzelari kantxaratu zituen apropos, eta taktika ezin hobeto atera zitzaion. Lopez eta Etxamendi nafarrak urduri aritu ziren, eta Pujana eta Kastillo bizkaitarrek ederki baliatu zuten hori. Partida guztian aurretik joan ziren (10-4, 16-6 eta 18-9). Azken txanpan apur bat esnatu ziren Oberenakoak, baina beranduegi zen jada. Etxamendik huts gehitxo egin zituen 22ra iristeko. Beraz, 2008an eta 2013an Markinak lortu zuen finalera sailkatzea. Bi urte horietan txapeldunorde izan zen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE