Datorren larunbat honetan 17:00etan Hernaniko pilota lekuan, XII. Berria Txapelketako finala jokatuko da. Denboraldian zehar pilotariek bere klubaren izenean jokatzen duten bi txapelketako bat da hau.
12 astez gogor saiatu dira Euskal Herriko 16 talderik onenak eta azkenean, Markina eta Usurbilgo Pagazpe klubeko pilotariak izango dira final haundi honetako protagonistak.
Markina klubak bi final jokatu ditu dagoeneko Berria Txapelketako historian eta hau hirugarrena izango du. Pagazpek, aldiz, ez du inoiz finalik jokatu eta hau izango du txapelketa honetan bere maila erakusteko lehendabiziko aukera.
Finalera iratsi aurretik Markinak bidean utzi ditu Hernani, Amurrio eta Iruñeako Oberena klubak. Pagazpek bere aldetik, Galdakaoko Adiskide, Amezketako Zazpi Iturri eta Andoaingo Gazteleku kanporatu ditu.
Hauexek izango dira Pello Uriona Markinako entrenatzailearen eta Enrike Huizi Pagazpekoaren esanetara jokatuko duten pilotariak:
Kadetetan: Agirreamalloa – Albizuri (Markina) / Exposito – Aranguren (Pagazpe)
Jubeniletan: Arrizabalaga – Urizar (Markina) / Arambarri – Odriozola (Pagazpe)
Seniorretan: Pujana – Kastillo (Markina) / Santxo – Gorrotxategi (Pagazpe)
Kadetetan bikote gipuzkoarra faborito izango da. Expositok eta Arangurenek oso bikote ona osatzen dute eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak irabazi dituzte. Agirremalloa eta Ibarloza bizkaitarrak gazteagoak dira, kadetetako lehenengo urtekoak, baina etorkizun ona dute eta oso maila polita erakutsi dute txapelketan. Jokatutako hiru partidutatik bi irabazi dituzte eta azkenekoa txapelketako bikoterik onenetako baten aurka galdu zuten.
Jubeniletan, ordea, bizkaitarrak izango dira faborito. Arrizabalaga – Urizar maila honetako bikote onenetako bat da, onena ez bada. Jubeniletako maila txiki geratzen eta 22 urtez azpiko mailan ari dira jokatzen bi pilotari hauek denboraldi osoan zehar. Bikote gipuzkoarra bi pilotari onek osatzen dute. Aranberri oso pilotari borrokalaria da eta Odriozola atzelaria, oraindik kadete adinekoa, etorkizun polita duen pilotaria da.
Lehendabiziko bi partiduetan ustekabekorik ez bada, seniorretako lehiak erabakiko du aurtengo txapelketako irabazlea. Gipuzkoarrak faborito aterako dira. Santxo eta Gorrotxategik ia dena irabazi dute aurtengo denboraldian, tartean Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak. Finalerdietan bezala, Markinako bikotea bi atzelarik osatuko dute, Pujana eta Kastillo. Taktika honek emaitza ona izan zuen bikote honentzat joan den astean Galdakaon. Pujana ondo moldatzen da aurreko koadroetan eta Santxorekin borrokan nahasten ez bada, bere atzelariaren laguntzaz lanak eman diezazkioke Gorrotxategiri. Kastillo atzelaria goi mailako afizionatua da, oso segurua eta eskarmentu haundikoa.
Giroa ziurtatuta dago. Hernani jaietan da eta Aitor Gorrotxategi bertako pilotaria animatu nahiko dute pilotazale hernaniarrek. Hortaz, ziur gaude ezohiko txapelketa honetako finala ikustera jende asko hurbilduko dela pilota lekura.