Zubizarreta-Eskudero eta Azketa-Santxez bigarren final aurrekoak jokatzeko sailkatu diren lehen bikoteak azken laurdenetako hirugarren jardunaldiko partidak irabazi ondoren:
1. ZUBIZARRETA-ESKUDERO…22 / ALBERDI-GARMENDIA…10
2. AZKETA-SANTXEZ…………….22 / ELIZALDE-MARTIJA………14
Emaitzei begiratuta bestelakorik esan badaiteke ere galtza bete lan izan zuten bikote garaileek euren norgehiagokak aurrera ateratzeko, ordu bete inguruko jardunalditan pilotarien zirti-zartako eta oinetakoen zizti-zazta goma hotsak adierazten zuelarik kantxa barruko tentsio eta irabazi nahaia. Bero samar ere bazegoen atzo pilotalekun eta bizkarrak majo bustitzeaz gain neke aurpegiak bistakoak ziren bi partiden amaieran.
1. Jubenil mailan jokatutakoan bikote sendoagoaren trazak hartu genizkion Zubizarreta eta Eskuderok osatutakoari. Alberdi eta Garmendiak tanto dezentetan nagusitasuna erakutsi eta joku ekimenaren jabe izan arren gutxitan lortzen zuten tantoa eskuratzea eta gerriko gorridunak 7-0, 9-3, 12-6 eta 14-9 beti aurretik joanik 22 eta 10 nagusitu ziren. Banan bana aipatuz:
· Iraitz Zubizarreta aurrelaria, partiduko onena eta diferentziak markatu zituena. 11 tanto egin zituen: sakez 2, ezker gantxoz zabalera beste 2, ezker airez txokoan utzita 5, eta aurrean botera moztutako beste 2. Galdutako pilotak 2 baita ere. Eskubiarekin goitik beherako bolearik ez genion ikusi, beste postura denetan jotzen du pilota eta aurrelari gutxik duten gaitasun batetaz ere jabetu ginen, bost bosterdiraino atzeratuz bera, pilota luzatu eta jokuaren ekimena eskuratuz ondorengo piloakadetan aurrean tantoa egitekoarena. Etorkizun oneko aurrelaria oraindik 16 urte dituen ataundarra, azkoitiar pilotari familiko Rafael Zubizarretaren seme hau.
· Ander Eskudero leitzarrak pilota batzuk galdu bazituen ere, defentsa lanetan oso ondo ibili zela esan behar eta lan horri esker ere markagailuko aldea. Ezker ona du eta eskubiko airezko bolea ere bai, aurrean zela Alberdik eta Garmendiak atzeratutako pilota denak ekartzea lortu zuelarik. Txokora moztutako pilota batekin tanto bat egin zuen eta 6 galdu.
· Jon Alberdi azpeitiarrak etzuen gaizki jokatu baina tanto gutxi egin zuen eta horrela zaila da partiduak irabaztea. Eskubia den arren ezkerra erabiltzen du ondoen, atzera luze, txokoan ormaren kontra utziaz eta airez zabalera gurutzatuz ere bai. Nekez edo behar bezain azkar pilotaren gana ez abiatu izanak galerazi zion behar bada tantoa egiteko izan zitzazken aukerak bizpahiru aldiz. 3 tanto egindako eta 4 galdutakoak.
· Beñat Garmendia Lazkaoko pilota elkartetik jokatzen duen beasaindarrari partidua luzeegia egin zitzaion. Etzion hasiera ona eman sake restoan galdutako pilota bat baino gehiago galduaz baina sartu zen jokoan eta ezker eskubi onak izaki atzekaldean agintzera pasa zen. Leku askotako txapelketak jokatzen eta nekearen ondorio partidaren azken laurdenean bere jokoak behera egin zuen. 4 tanto bakarrik galduz eta egindako batekin txukun dena den.
2. 23 urtez azpikoen mailako partidan ere indarra nagusi, Santxezentzat izanik notarik onena. 0-3 galtzen hasi ondoren 3-3, 6-4, 10-5, 13-8, 15-10, 18-12 eta 22-14 lortu zuten irabaztea gerriko gorriarekin ateratako Azketa eta Santxezek. Norgehiagoka gogor batean lan asko egin izanan poderioz lortu zuten irabaztea faboritoak, Elizalde eta Martijak zuten guzia ematen jarraitu zutelarik amaiera arte. Bakoitzaren lana aipatuz:
· Beñat Azketa aurten ez dagoen arren pasa den urteko jokoarekin txorakeririk gabe jokatu zuen atzo ere eta oso zaila da berari tanto sartzea ez bada pilota izkutatzen nonbaitera. Erasoan goitik beherako bolearekin beti bezain ondo, ikusgarria benetan 6-5 zihoaztela egindako 7garrena, baina aurten ezker gantxoz oso gutxi sartzen da eta horixe falta zaio iazko Azketa izateko. 4 tanto egin zituen eta 2 galdu.
· Jokin Santxez Astigarrakoa izan zen partiduko protagonista. Hasieran pare bat sake utzi zituen jaso gabe baina gerora ezker eskubiz latz eman zion pilotari, aurkari atzelaria mendean hartuta une askotan eta errebotera zijoan pilota bat ere ekarriaraziz. Emateaz gain kantxako zuloak ondo betetzen jakin zuen eta Elizaldek txokoan utzitako pilota zail bat baino gehiago jaso zuen. Oso gogotsu ikusi genuen eta gustoa ematen du horrela ikustea pilotari bat kantxan. 4 tanto egin zituen eta 6 galdu, aipaturiko sake restoko 2 eta erasoan goiko ezkerreko orma jotakoa barruan direla.
· Ugaitz Elizalde Iturendarrari gauza politak ikusi genizkion eta bere jarrera gustatu zitzaigula esan behar, ausarta da eta bai erasoan bai atzelariari laguntzen, sake restoz batipat, ez du bere burua ezkutatzen, konpromisozko pilotetara sartuaz eta atzelariari pilota onak utziaz airez sartzeko keinua egin eta atzean zuloa haundituz. Aurrekoadroetan aukerako pilota askorik etzuen izan eta izandakoetan ere Azketak behin baino gehiagotan galerazi zion tantoa egiteko aukera. Ezker gantxoa ondo maneiatzen du eta goitik beherako eskubizko bolea ere bai. 4 tanto egin zituen eta 6 galdu.
· Julen Martija pilotariaren berri bagenekien baina aurten kategori haundiagoan jokatzeak bere 18 urteei eraginik egin ziezaieken jakin nahi genuen, eta langa pasa zuela esan behar. Atzelari posturako gorputzkera ederrez osatzen ari den Irurtzun Etxeberriko pilotari gazteak ondo jokatu zuen pilotan. Lan zailak egitea tokatu zitzaion baina erantzuten jakin zuen jarritako erronkari, Santxezen joku erasokorrari eutsiaz atzekoadroetan eta aurrera etorri eta zuloak ondo tapatzeaz gain Elizaldek airez sartzeko keinuz utzitako pilotak atzekaldera bialdu asmoz. Aitortu behar hala ere lan honetantxe asmatu zuela gutxien, pilota zail askoak ekarri zituen ezker eskubiz kantxako alde guzietatik baina oraindik bigun samarra dago pilota astunakin min emateko aurkariei. Tanto bat egindako berea eta 4 azaltzen zaizkigu galduta bezela.
Eta bihar Abuztuak 13 jokatuko dira final aurrekoak osatzeko azken laurdenetako laugarren jardunaldiko norgehiagokak:
1. Jubenil mailan………….GARCIA-BELOKI / P.ETXEBERRIA-SALAVERRI
2. 23 urtez azpikoetan.. ELORDI-LASA / ARTEAGA-MARIEZKURRENA(1)
(1) SARASAren ordez, honen bizkarreko arazoak jokatzea galerazi ondoren.
Egutegi eguneratu gabea lehen bialitakoa. Atxikitako hau da baliagarria non ohartuko zareten 18ko final aurrekoan Erauskin gorriz dagoela. Kanpora joana izanik Aizpuru zen jokatzekoa baina atzo Antiguon aurrera pasatu izanak galerazten dio jokatzea, eta oraindik ez dakigu nork jokatuko duen Salaberriarekin