Peio Etxeberria-Salaverri eta Elordi-Lasa atzoko bi partidetako garaile eta final-aurrekoak jokatzeko sailkatutako bikoteak. Hauexek emaitzak:
1. GARCIA-BELOKI….17 / P.ETXEBERRIA-SALAVERRI…….22
2. ELORDI-LASA………22 / ARTEAGA-MARIEZKURRENA…04
Zertzelada onak bai baina galdutako pilota askotxo pilota jaialdi on baterako. Jubenilen arteko norgehiagoka orekatu baten ondoren uste baino azkarrago amaitu zitzaigun bigarrena, ikuskizun gehiagoren gosez geratu ginelarik.
1. Pilotaren abiada eta norabidea ikusita jubenil baino maila altuagoko norgehiagoka ikusten ari ginenaren sentsazioak partida hasieran atzo hartutakoak. Grazi ederreko tokearekin ikututako pilota ikusten ari ginen bai, baina galdutako pilota gehitxo izan zen eta ez atzelarienak bakarrik. 3-3, 7-7 10-10, 16-16 markagailuan berdinduta egon ondoren 22 eta 17 nagusitu ziren gerriko urdindunak. Bakoitzaren lana aipatuz:
· Peio Etxeberria aurrelariak ondo sakatu eta pilota errez libratzeaz gain aurrekaldean ere hiru tanto eder egin zituen, txapagain eskubiz bat, ezker gantxoz zabaleratuz bigarrena, eta zalantzarik gabe onena eta partiduko tantoa ezker ziarretaka botera txapa gainean joaraziz ia boterik egin gabe kontrakantxara bidalia. Atzera luzatutako pilotakadekin egindako beste birekin danera bost egindako. Galduak sei eta hoietako bat baino gehiago erasoan, tantoa egin nahian baina hain aukerako pilotak ez izanik horretarako. Badauka pilotarako gaia bai Iruña Huarteko aurrelari gaztehazi honek.
· Ruben Salaverri Fuenmayorko atzelaria ere asko gustatu zitzaigun. Nola ematen dion pilotari oraindik ere gorputzez guztiz egiteke dagoen arren. Gerria ondo sartu eta gorputzaren pixu kargaz baliatuz pilota errez libratu eta atzekoadroetara bialtzen du. Ezkerrez ere ondo eta defentsa lanetarako airezko bolearen baliagarri ona izanik etorkizun oneko atzelaria zalantzarik gabe Aspe pilota enpresako sortzailetako bat eta egungo errioxako pilota federazioko lehendakari den Javier Salaverriren semea. Dena den pilota gehitxo galdu zuela ere esan beharra dago, sake restoan hiru eta beste lau ere bai atzekoadroetan, baina aurkariak ere jokatu egiten dute eta hasieran aipaturiko pilotaren abiadak zer ikusia izan zuen horretan.
· Iban Garcia Oberena pilota elkarteko aurrelaria ere asko gustatu zitzaigun. Ahal haundiko pilotaria dela erakutsi zuen. Atzelaria ezinean ikusirik jokoaren erantzunkizuna bere gain hartu zuen eta lan asko eginaz 15 eta 12 hiru tantoko abantaila polita hartu ere bai markagailuan. Norgehiagoka irabazteko tantoa egiteko aukerako pilota gutxi izan zuen eta hain onak ez ziranetara sartu beharrak pilota bat baino gehiago galduarazi zion. Lau tanto egin zituen eta zazpi galdu, hauetako bi sake restoan. Gortputz ederreko pilotaria Iruña hiriko hau eta pilotan asko joka dezakena zalantzarik gabe. Atzoko bere lanari akats bat bilatzekotan sakearekin min gehiago egin ez izana, pilotari behar bezelako punpa ez eginarazteagatik bere laisterkako abiada geldiaraztea ekartzen ziolarik.
· Beñat Beloki atzelaria ezinean aritu zen partida guzian zehar, eta zazpi pilota galtzeaz gain etzuen asmatu aurkaria erasateko hainbat abiadura ematen aukerako zenbait pilotei. Behar bezela jarri ezinik eta bere buruarekin konfiantzarik gabe somatu genuen atzo ezker eskubi libreak dituen Tolosa Bedaioko pilotaria, eta horixe nahikoa zenbait tantoetako jokuaren agintze pixua galduz tantoak ez eskuratzeko.
2. 23 urtez azpikoen mailako partida uste baino azkarrago amaitu zen lehendabiziko tantoak horrela izango zenaren itxurarik ez bazuen ere. Bi atzelariak oso gogor eraso zioten lanari, pilota astinduz, galdu gabe eta aurrelariak gertatzen ari zenaren begirale zirelarik. Diferentzia aurrekoadroetan egon zela esango genuke, Elordik zituen aukera denak aprobetxatu zituelarik tantoa egiteko eta Arteagak ez hainbeste. Era honetan 10-1 eta 12-2 jarri ziren aurretik gerriko gorridunak, eta Arteagaren ezker gantxo eta atzean egindako bi tantorekin 12-4. Baina hor gelditu ziren gerriko urdindunak ikusiz aurkarienak zirela markagailura igotzen ziren tantoak bat bestearen atzetik 22ra iritxi arte. Banan banaz aipatuz:
· Aitor Elordi Mallabiatarra lehenik, bikain besterik gabe. Bere lekua zainduaz uneoro, defentsa lanetan bizkor eta sendo eta erasoan erabakior benetan, zortzi tanto egin zituen eta hoietatik sei eraginkortasun izugarrizko ezker gantxoarekin, Arteaga kontrakantxara bere burua boteaz pilota jasotzen majo saiatu bazen ere. Joku punttu onean dago eta konfiantza du bere buruarengan, eraso eta defentsan.
· Adur Lasa Etxarriarra aurrekoan ez bezela ondo atzo. Etzirudien pilotari berdina ikusten ari ginenik, aurrekoan ankak dantzan zituala pilotara jarri ezinik, asko galdu eta bate minik egin gabe, eta atzo juxtu alderantziz, pilota atzeratuz eta ezkerrarekin ere aurrelariari kenduaz. Bere alde esan beharrekoa Mariezkurrena etzela denbora pasa etorri eta hasieran orpoz orpo ibili arren azken aldera etxarriarra nagusitu zela. Pilota bat galdu zuen eta 2 tanto egindakoak.
· Asier Arteaga Lasartearra alegindu zen gogotik baina ezin izan zion aurre egin partiduari. Aurkarien joku ona noski horren arrazoietako bat eta bigarrena berak ere ez asmatzea eraso jokoan, ezker gantxoetan etzuelarik pilota guratzatzen behar hainbat. Aurrekoadroetan ezin eta atzera luze joaz alegindu zen tantoak eskuratzen, eta bat egin zuen arren bizpahiru galdu ere bai zabalera eta goiko ezker ormara bidaliaz pilota.
· Iker Mariezkurrenak nahiz eta zortzi pilota galdu etzuen gaizki jokatu. Ezker eskubiz gogotsu eman zion pilotari partidaren erdikalderarte. Gerriarekin lagunduta bi eskuekin besoak libre direla soltatzen dio pilotari baina oraindik gaztea ere izaki azkenerako pixkabat nekatu ote zenaren itxurak hartu genizkion. Ikusteko dotorea eta etorkizun oneko atzelaria Irurtzun pilota elkartetik jokatzen duen berriozartarra, pilota gutxiago galdu eta bere kolpeari etekin gehiago ateratzeko denbora ezezik kilo batzuk hartzeko gorputz egokia ere baduen.
Gauzak horrela final-aurreko bi jardunaldiak izango ditugu datorren astean atxekitako kartel eta egutegiaren arabera, eta astearte Abuztuaren 18koaren berri emanez:
1. Jubenil mailan………….OKIÑENA-RUIZ…………… / SALABERRIA-IRURITA(1)
2. 23 urtez azpikoetan.. P.LABAKA-EROSTARBE / PEÑA-A.IMAZ
(1) ERAUSKINen ordez.
Zumaiako Kirol Elkartea