UGALDE ETA TELLETXEA DIRA IV. ANTTON PEBET MEMORIALEKO TXAPELDUN BERRIAK
KADETEETAN MURUA ETA EGIGUREN ETA JUBENILETAN ZUBIZARRETA ETA ESKIROZ IZAN DIRA TXAPELDUNAK
Goitik behera beteriko pilotalekuan eta pilota giro bikainean ospatu ziren IV. ANTTON PEBET MEMORIALEKO final handiak.
Partidak zinez bikainak izan ziren, kadete eta nagusiena batez ere. Aurkezle lanetan Igotz Alkorta Euskadi Irratiko esataria aritu zen, txistularia Aitor Landa izan zen eta bukaeran pilotari onenaren saria emateko bertsotan bikain jardun zen bertsolaria berriz Unai Mendizabal. Argazkiak ateratzen Egoitz Bengoetxea «Otxabi» izan zen, berarekin torneoan zehar Karlis argazkilaria ere egon delarik. Pilotari bakoitzak ere, beraiek ateratako argazki bana izan zuten oroigarri gisa.
Finalean, Salguk enpresak eskainitako saski eder bat eta Benda Aldea erretegian bi afari zozketatu ziren.
Jaialdia ireki zuen Kadeteen partida gogorra bezain dizdiratsua izan zen. Tanto gogorrak eta ederrak jokatu zituzten eta beren maila bikaina ikusi ahal izan zen Villabonako Bear Zana pilotalekuan,
Egiguren eta Muruak txapela atera zuten merezimendu osoz. Finalean, Murua aurrelari gisa aritu zen eta Egiguren atzelari moduan, finalerdian alderantziz aritu baziren ere. Azken emaitza 22-15 izan zen. Hala ere, partidak gogortasun itzela izan zuen. Hasieran, irabazleak erraz joan ziren aurretik, 8-0eko emaitza markagailuiratuz. Partidak aurrera egin zuen heinean berriz, 15nakoa ere ezarri zuten. Horrenbesteko lanak ordea, nekea sorrarazi zien eta Murua inspiratu baten jokoagatik eta Egiguren jotzaile bezain seguru baten ondorioz, 22ra zuzenan joan ziren.
Pilotari onenaren saria, Murua arrasatearrarentzat izan zen eta Kali Agirrebengoa Oria Merkatal elkarteko lehendakariak eman zion harrizko ordulari eta Lur Lanek eskainitako saski ederra. Hiru mailetan Txapeldun guztiei beren trofeo eta txapelak emanez, urtero legez Antton zenaren gurasoak Jean Leon Pebet eta bere emaztea den Angie aritu ziren, eta txapeldunek diru sariaz eta aipaturiko trofeoez gain, motxila bana, Aburuza sagardo kaxa eta Roscok eskainitako iberiar txorizoa izan zuten. Lehen norgehiagokako azpitxapeldunei Ibon Ariznabarreta Villabonako kirol zinegotziak eman zizkien sariak. Hauek Eizmendi armategian kirol produktuetan trukatzeko 50Eko balea izan zuten, trofeoa, diru saria eta Aburuza sagardo kaxa besteak beste.
Jubenil mailako finala desoreka handiarekin jaio zen. Faborito nabarmenak ziren Zubizarreta eta Eskirozek 22-6 irabazi baizieten Oiarbide eta Mariezkurrenari. Istoriarik gabeko partida izan zen. Zubizarreta jaun eta jabe izan zen Bear Zanako kantxan eta Eskirozek lan erosoa izan zuen. Bikain aritu zen gainera. Mariezkurrena ezinean aritu zen atzetik eta Oiarbidek ere ezin izan zuen ezer egin.
Txapeldunek Iberiar txorizoa, diru saria, Zabala sagardo kaxa, motxila bat, trofeo eta txapelak eskuratu zituzten. Azpitxapeldunek berriz, herriko alkate den Iban Agirreren eskutik jaso zituzten ondorengo sariak: Eizmendi armategian kirol produktuetan trukatzeko 50Eko balea, trofeoa, diru saria eta Zabala sagardo kaxa.
Pilotari onenaren saria den harrizko erloju eta Lur Lanen saskia Julen Urruzola Aspeko pilotariak Zubizarretari eman zion bertsotan Unai Mendizabalek zehaztu zuen bezala.
Nagusi mailako finala lan handikoa izan zen. Dizdira handiko tantoak ikusteaz gain, gogortasuna ere plazaratu zen. Inork ez zuen galdu nahi. Azpiri eta Kastillo bizkaitarrak irabaztetik gertu geratu ziren arren, azken emaitza 22-17 izan zen Ugalde eta Telletxearen garaipenarekin. Ugalde oso indartsu eta inspiratu hasi zen. Ezker airez pilota ongi gurutzatu zuen eta markagailuan zuloa ireki zuen. Atzean, Telletxea oso ziur eta lasai ageri zen. Joko bolada ederrean dagoela erakutsi zuen Albizturgo pilotariak.
Partidak aurrera joan ahala ordea Kastillo egonkortu eta Azpiri ere tantoak egiten hasi zen. Kastillok pilota oso zailak eraman zituen, pilota astindu eta arrimatutako pilota asko eraman. Telletxeak bere segurtasunarekin jarraitu zuen, pilota joz eta ezkerrez pilota nahi zuen tokian ipiniz. Ordea, Ugalde berak ere huts batzuk burutu zituen eta partidaren erdialdean markagailua oso berdindua agertu zen.
Norgehiagokako azken txanpan Ugalde berriro ere asmatzen hasi zen eta 21-14rakora zuzenean joan ziren. Partidak baina izan zuen Azpiriren azken erreakzio bat eta 3 tanto eder eginez 17-21ekoa ezarri zuen. Azken tantoa gorriek egin eta txapela Oiartzun eta Albizturrera joan ziren.
Txapeldunek iberiar urdaiazpikoa, Urdaira sagardo kaxa, Botarri jatetxean 4 lagunentzako afaria, diru saria, trofeo eta txapela eskuratu zituzten. Azpitxapèldunei Imanol Arruti Berhar Zanako delegatuak urdaira sagardo kaxak, motxilak, diru sariak eta trofeoak eman zizkien. Pilotari oenenaren saria Unai Mendizabal bertsolariak Telletxea zela esan eta gero Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak eman zion harrizko ordulari eta saskia.
Sariak banatzerako garaian, izan zen homenaldi xumerik egiteko tarterik eta Jean Leon eta Angieri, harrizko ordulari bat eman zien Antton zenaren pilota bikote Iñaki Lizasok.
Finalak amaitu eta gero; pilotari finalistek, antolatzaile, babesle garrantzitsuenek eta gurasoek Lur Lan produktuez eta beraiek sukaldatutako afari eder bat dastatu zuten Behar Zana elkartean.
Eta azkenik, antolakuntzak eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie jaioaldiro Bear Zana pilotalekura etorri diren pilotazale guztiei, pilotari parte hartzailei, Villabonako Udalari, eta torneoa aurrera eramaten lagundu duten eta kartel nagusian ageri diren babesle guztiei. Haiek guztiak gabe ezingo bailitzake maila honetako txapelketarik antolatu.