Pilotaren biribiltasuna: «Finalaren inguruan»


Irujo bengoetxea
Garazi Mtnez Suarez argazkia 

Amillategi

Badirudi buruz buruko finalerako txartel ugari dagoala oraindik saltzeko. Diario de Navarran agertu da artikulu bat gogora araziaz krisialdiaren olatua gainean daukagula. Duela pare bat aste nik ere aipatu nuen frontoiak behar beste ez zirela ari betetzen. Orain beste hiru gauzatxo esan nahi ditut: 

  1. Ez da ulergarria enpresen kudeaketa, ezta ere onargarria ere. Arazoak egon ziran binakako finalean frontoia betetzeko. Orduan Iparraldeko bi pilotari aritu ziren jokoan. Normalean, partidu hori Iparraldetik hurbil dagoen frontoi baten jokatu behar zen. Batetik, pilotariei beraiei omenaldi bat bezala, azken urteetan afizioa piztu bait dute Iparraldean eta Egoaldean. Gainera, pilotazale ugari mugituko zituztela uste zan eta hauen ibilbidea errazteko Atano IIIna zen frontoirik egokiena. Final batera joaten diran zaletuak eguna ondo pasatzera doaz eta Donostian jardunaldi atsegin eta lasai bat pasatzeko aukera izango zuten. Ez zen horrela gertatu. Enpresek nahiago izan zuten Ogeta frontoia, ikuslego haundiagoa biltzeko gaitasuna bait dauka. Ondorioz, harmailen zati bat utzik geratu zen. Hori txarra da bai finantzen ikuspegitik, bai giroa hotzitu egiten duelako eta baita telebistaren bitartez itxura tristea isladatzen delako, behintzat ez final batek behar lukena.
  2. Buruz buru berriro Iparraldeko pilotari bat daukagu eta berriro Ogetara eramaten da partidua. Ustez, berriro bete gabe geratuko da frontoiaren gune bat. Hau, lagunok, ez da krisialdi ekonomikoa. Hau enpresen burugogortasuna da. Gauzak mugara eroatea da. Sarrerak 150 eurotan jarri dituzte eta jendea badator ondo eta ez badator esango dute zerbait aldatu behar dagoala pilotan edo txapelketan. Aldatu behar litzatekena agintari batzuen irizpidea da. Horrela ezin da kirol bat kudeatu, zaletuei bizkarra emanez.
  3. Denboraldian zehar gora beherak izaten dira ikusleen etortzea dela eta. Beti gertatu izan dira kasu hauek esku pilotan. Lehen, txapelketez josita ez zeundenean egutegiak, enpresariek erraz konpontzen zuten egoera. Bi edo hiru partidu punta puntakoak jartzen zituzten jarraian eta giroa berriro berotu egiten zen. Orain txapelketa baten ibilbidea ezin da aldatu egun batetik bestera, baina ezin daitekena da egoera nahita larritzea. Finaleko sarrera garestiena 90 eurotan jarri bazuten eta Atano IIIgn jokatuko balitz partidua, askoz giro politagoa sortuko zen eta gainera, sarrera gutxiago geratuko liratezke leihatilan. Gainera, inork ez zuen hitz egingo pilotaren adierazpen nagusia krisian dagoenik. 

Bukatzeko pare bat gauza pilotariei buruz: adi egon Irujoren sakeei. Ziur nago bere entsaiuetan garrantzi ematen diola sakeari. Aurreko urteetan ere saiatu da Irujo barrukaldetik zabalera ateratzen eta oraingoan ere arituko da. Sake sorta aberatsa erakutsiko du Irujok, espezialista nagusia bait da aurreko jokaldia egiten. Xalak entrenatuko zuen jokoaren alderdi hori eta beraz ikusiko dugu nola moldatzen diren bata eta bestea. Beste gako bat Irujoren errematea izango da. Aurreko partiduetan bere erremateak hilgarriak izan dira, bizi bizi egindakoak, berehala amaitu ditu tantuak. Puntu bi hauek aipatu nahi nituen, kolpez eta defentsan biek gaitasun ikaragarriak dituztela erakutsi bait dute txapelketa osoan.  

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE