Euskal Herriko 22 elkarte onenek hartuko dute parte XIII. BERRIA Txapelketan, eta finalak ekainaren 26an izango dira, Hernanin

Euskal Herriko 22 elkarte onenek hartuko dute parte XIII. BERRIA Txapelketan, eta finalak ekainaren 26an izango dira, Hernanin .

Egun handia izan zuen atzokoa esku pilotak. Besteak beste, binakako final handiaz gozatzeko aukera izan baitzuten pilotazaleek. Ordea, profesionalik ez legoke harrobirik gabe, eta, hamahirugarren urtez jarraian, abiatzeko prest da BERRIA Txapelketa. Datorren asteburuan hasi, eta ekainaren 26an jokatuko dira finalak, Hernanin (Gipuzkoa). Euskal Herriko 22 elkarte onenek parte hartuko dute, eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Pagazpek tituluari eutsi nahi dio. Hain zuzen, hura izango da faboritoa, baina nabarmentzekoa da talde bikainak ariko direla. Hortaz, gazte mailatan ere izango da zer ikusia eta zer gozatua datozen bi hilabete eta erdian.

Txapelketaren aurkezpen ekitaldia atzo izan zen, Lasarte-Oriako Goiegi jatetxean (Gipuzkoa). Lehenbizi, Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak hitz egin zuen: «Ohorea da elkarte arteko txapelketa bat babestea. Eskertzekoa da BERRIAk egiten duen ahalegina, eta onenak irabaz dezala desio dut». Ondoren, zehaztasun guztiak azaldu zituzten antolatzaileek, eta aurten izango da berritasunik. Talde bakoitzak pilotari bakarra fitxatu ahal izango du. Orain arte bi fitxatzea baimenduta zegoen, baina legea aldatu dute. «Gure xedea da epe ertainera taldeek euren pilotariekin soilik jokatzea txapelketa, eta, bide horretan, fitxaketa kopurua murriztu dugu», azaldu zuen Rufino Rekaldek. Bestalde, jakinarazi zuen jaialdiak 300 euroren truke erosi ahalko direla.

Sariek lehengo horretan jarraituko dute: elkarte txapeldunarentzat 3.000 euro eta pilotari bakoitzarentzat oroigarria eta txapela izango dira. Txapeldunordearentzat, berriz, 2.000 euroko saria eta seina oroigarri. Hirugarren eta laugarren postuan amaitzen dutenek 1.000 euroko saria izango dute.

Lehiaketa sistema azken urteetako bera izango da. Kadeteen, gazteen eta nagusien mailan jokatuko da, ordena naturalean. Garaipena bi partida irabazten dituenak lortuko du, baina bada berezitasun bat. Izan ere, lehen bi partidak elkarte berberak irabazten baditu, tantoen sistema aplikatuko da. Horrela, azken partidak ere emozioa izango du.

201604111602

Berria txapelketa (XIII)

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE