XIII. BERRIA TXAPELKETA: Igande honetan hasiko da Berria txapelketa Andoain eta Hernaniko pilotalekuak testigu direla. Lehen faseko lehenengo 2 kanporaketak jokatuko dira asteburu honetan. Txapelketa hau kluben arteko da eta herriarteko txapelketan erabiltzen den antzeko sistemaz osatua dago.
Bi kanporaketetan jokatzen duten pilotariak oso maila ona ematen ari dira afizionatuen artean, beraz, pilotaz gozatzeko aukera bermatua dagoela esan daiteke. Pilotalekura hurbiltzen diren zaleak disfrutatu egingo dute maila handia ikusiz.
Hernaniko pilotalekuan goizeko 11etan hasiko da jaialdia. Alde batetik, Amurrio (Araba) izango da eta bestalde, Uharte (Nafarroa) nor baino nor gehiago. Hauek izango dira parte hartuko duten pilotariak:
Kadeteak: Alava – Gonzalez (Amurrio) / Peñas – Betelu (Uharte)
Jubenilak: Bellido – Ruiz (Amurrio) / P.Etxeberria – Gurrea (Uharte)
Seniorrak: Gerrero – Legarreta (Amurrio) / Yoldi – Sarasa (Uharte)
Uharte kluba izango da faborito kanporaketa honetan, bere taldean jubenil mailako bikotea aipatzekoa da, P. Etxeberria gaur egungo Espainiako azpitxapelduna da bere kategorian eta senior mailan ere pilotari onak ditu. Aurrelari lanetan Yoldi ariko da, gaur egungo Nafarroako txapelduna eta afizionatu mailan dagoen onenetarikoa. Bere bizkarzain lanetan, berriz, Sarasa jardungo da, etorkizun oparoa duen pilotaria.
Amurrioko klubak, ordea, kadete mailan dauka partida irabazteko aukera gehien. Alava – Gonzalez bikotea Arabako txapeldunak dira, Uharteko klubak maila honetan Betelu Esteribar taldeko pilotaria fichatu arren, Amurrioko bikotea izango da faborito. Beste bi partidetan ezustekoa emateko esperantzaz kantxaratuko dira. Horretarako pilotari finak dauzka, batez ere Legarreta atzelari seniorra.
Andoainen jaialdia arratsaldeko 16:30ean hasiko da. Gipuzkoarren arteko derbia ikusteko aukera izango da, Azkoitiak eta Lapkek (Lazkao) neurtuko dituzten indarrak elkarren aurka. Bertako protagonistak hauek izango dira:
Kadeteak: Oteiza – Uranga (Azkoitia) / Ruiz de Larramendi – Baztarrika (Lapke)
Jubenilak: Cuevas – Azkoitia (Azkoitia) / Zubizarreta – Murua (Lapke)
Seniorrak: Andueza – Juaristi (Azkoitia) / Urretabizkaia – Zaldua (Lapke)
Faborito gisa Lapke irtengo da kanporaketa honetako 3 partidetan, bere taldean maila oneko pilotariak dauzka 3 kategorietan eta. Bertan, Zubizarreta jubenila aipatzekoa da, 22 urtez azpikoen Euskal Herriko txapelduna. Urretabizkaia ere ez da atzera geratzen, Aurrera Saiaz klubetik fitxatu dute txapelketa hau jokatzeko eta gaur egungo Gipuzkoako azpitxapelduna da.
Azkoitiako kluba ere 3 bikote politez osatua dago. Hala eta guztiz ere, ezusteko handia litzateke kanporaketa hau gainditzea. Aukera gehien seniorren partidan eduki ditzakete, Andueza – Juaristi esperientzia handiko bikotea delako.