Errekak merezimendu osoz lortu du XIII. BERRIA Txapelketako final-laurdenetarako txartela, Zaramagari irabazi ostean

ERREKA 2-1 ZARAMAGA

 

KADETEAK. Telletxea-Apezetxea 22-1 Koroso-Nuñez

GAZTEAK. Salaberria-Mariezkurrena 22-5 Madrazo-Garai

NAGUSIAK. Barandiaran-Gorriti 21-22 Diaz de Heredia-Agirre

 

Emaitzak berak dioen moduan, kadeteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan. Hasi eta buka, Errekako Telletxea eta Apezetxea jaun eta jabe izan ziren. Apezetxea goizuetarrak sekulako joa erakutsi zuen eskuin eskuarekin, eta Telletxeak ere aurrean artista dela azaldu zuen. Bikote aparta osatzen dute. Zaramagakoak gogotik saiatu ziren kontra egiten, baina nahi eta ezin aritu ziren. Apezetxeak zur eta lur utzi zituen pilotazaleak.

 

Gazteen arteko norgehiagokan ere beste goizuetar bat izan zen protagonista: Salaberria. Jakina da maila horretako aurrelaririk onenetakoa dela, eta argi geratu zen zergatik. Nahi erara jokatu zuen. Mariezkurrenak agindu egin zuen piloteoan, eta Salaberriak era guztietako erremateak egin zituen. Ezker gantxoa maisuki erabiltzen du, eta pilotari bizia da. Madrazo eta Garaik lan duina egin zuten, baina nafarrak gehiago izan ziren.

 

Bada, guztia erabakita zegoela, nagusien partida izan zen jaialdiko onena eta orekatuena. Barandiaran min hartuta heldu zen partidara, eta Gorritik lan izugarri egin behar izan zuen. Batez ere, Diaz de Herediak eta Agirrek langileak direla erakutsi zutelako. Zaramagako bikoteak partida ona jokatu zuen, eta Gorriti gogotik saiatu zen haiei kontra egiten. Erreka 21-18 ere aurretik joan zen markagailuan. Hori bai, bukaeran asmatu egin zuen Zaramagako aurrelariak, eta ohorezko puntua eman zion bere taldeari.

 

Orain, Errekak Pagazperen kontra jokatuko du final-laurdenetan. Ikusteko kanporaketa izango da.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE