Igande onetan Hernani eta Andoaingo pilotalekuetan XIII. Berria Txapelketako final-zortzirenetako beste bi kanporaketa jokatuko dira. Hernanin, Nafarroako bi piilota elkarte lehiatuko dira igande goizez: Iruñeko Oberena eta Burlatako Zugarralde. Arratsaldez, berriz, Andoaingo Gaztelekuk Gasteizko Txukun Lakua hartuko du. Hasiera batean, bi kanporaketa polit espero dira.
Igande goizez, 11:00eatik Aurrera Oberenak eta Zugarraldek derbi erakargarria jokatuko dute. Hasiera batean, Oberena faboritoa izango da, baina Zugarraldek itxura ona eskaini zuen lehen kanporaketan Bortziriak taldearen aurka, eta ezustea eman dezake. Ondorengoak izango dira pilotariak.
OBERENA – ZUGARRALDE
Kadeteak: Yaniz – Santamaria / Villanueva – Lerga
Gazteak: Garcia – Cordon / Mugiro – Agirre
Nagusiak: Ansa – Etxegoin / Rebole – Alduntzin
Kadeteetan Yaniz eta Santamaria favorito izango dira. Villanueva eta Lerga burlatarrek itxura ona eskaini zuten lehen kanporaketan, baina Nafarroako txapelketan bi bikoteok lehiatu direnetan beti garaile izan dira Oberenakoak. Hortaz, lehen puntua iruñarrek eskura dezakete.
Gazteetan interesgarri joango da partida. Garcia eta Cordón Oberenakoak Nafarroako azpitxapeldunak dira, eta horregatik apur bat faborito etiketa izango dute, baina Mugiro eta Agirrek ere bikote sendoa osatzen dute, eta ezustea ematea ez litzateke harritzekoa izango.
Nagusietan, azkenik, ezagunak diren lau pilotari izango dira kantxan. Bi atzelariak gazteak dira, eta aurrelariak errematean finak. Etxegoinek eskuin kolpe berezia du, eta baliteke hark haustea norgehiagoka. Hori bai, Alduntzinek lana egingo duela ziurra da.
————————————————————————————————————————————————————————————-
Igande arratsaldez, 16:30eatik aurrera, beste kanporaketa interesgarri bat jokatuko dute Gaztelekuk eta Txukun Lakuak. Gipuzkoako taldea faborito irtengo da, baina gasteiztarrak une onean iritsiko dira, eta edonork izango du aurrera egiteko aukera. Ondorengoak izango dira pilotariak.
GAZTELEKU – TXUKUN LAKUA
Kadeteak: Alberdi – Osa / Sueiro – Martinez de Murgia
Gazteak: Matxain – Usandizaga / Uribe – Alvarez de Eulate
Nagusiak: Eskudero – Erasun / Mendinueta – Isasmendi
Kadeteetan maila horretako bikoterik onenetakoa du Gaztelekuk, Alberdiz eta Osaz osatua, eta faborito aterako dira. Okerrik ezean, ez luke egon behar sorpresarik, eta nahiz eta Sueiro eta Martínez de Murgia horretan ahaleginduko diren.
Gazteetan neurketa orekatuagoa espero da. Txukun Lakuako Uribe eta Alvarez de Eulate Arabako txapeldunak dira, eta gauzak zail jarriko dizkie Matxain eta Usandizagari. Gipuzkoar pilotariak maila handikoak dira, baina lanak oso ondo egin beharko dituzte irabazi nahi badute.
Gazteetan bezala, nagusietan ere partida berdindua aurreikusten da. Gaztelekuk Erasun atzelaria fitxatu du, eta Eskuderorekin batera bikote ona osatzen du. Hori bai, Txukun Lakuak izen handiko bi pilotari kantxaratuko ditu, nahiz eta biak aurrelariak izan: Mendinueta eta Isasmendi. Kanporaketa polita izango da Arrate pilotalekuak gerturatu nahi duenarentzat.