Hilabete bat beharko du entrenatzen hasteko, eta baliteke otsail erdialderako berriz jokatzeko egotea
J. E. / Berria
Aimar Olaizolak lasaitu ederra hartu zuen atzo. Tolosako La Asuncion klinikan erresonantzia magnetikoa egin zioten eta Gasteizko La Esperanza klinikan Mikel Sanchez medikuak azterketa egin zion, baina ez zuten lesio larririk ikusi. Goizuetako aurrelariak hilabete bat beharko du berriro entrenatzen hasteko, eta otsail erdialdean itzuliko da beharbada lehiaketara.
Olaizola II.ak eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua bihurritu zuen joan zen abenduaren 30ean Tolosan, Beotibarren, Jokin Etxanizen agurreko partidan. Joan zen astean aurreneko erresonantzia egin zioten, eta bizpahiru asterako izango zuela jakinarazi zioten. Azken egunetan, hala ere, bazirudien lesioa larriagoa izan zitekeela, agian ebakuntza egin beharko ziotela eta, ondorioz, denbora luzez geldirik egon beharko zuela. Aurrelariarentzat zorionean, atzo egin zioten erresonantzia magnetikoak eta azterketa medikuak ez zuten albiste txarrik ekarri.