PEBET, FINAL AURREKOETAN

Antton Pebet Memoriala finalaurrekoetan da jada. Urte honen hondarrean, bi jaialdi eder antolatu dituzte Villabonako Bear Zana pilotalekuan. Final laurdenetatik hasi da txapelketa eta beraz, partida bana jokatuta iritsi dira bikote guztiak finalaurrekoetara.

Ostiral arratsaldez, 19:00tan hasita, bi partida izango dira. Lehenengoan, nagusien mailakoan, Prado eta Etchegoin, Urretabizkaia eta Santxezen aurka neurtuko dira. Lehen bikotea lehenengo partida oso txukuna jokatuta iritsi da finalaurrekoetara. Pradok, ezkerra izan arren, eskuin ederra eta bizitasun handia erakutsi zituen bere lehen partidan, eta Etchegoinen eskuinaz lagunduta, bikote arriskutsua osatzen dute. Urretabizkaia eta Santxez ordea ez daude bizitasun eta indar faltan. Astigarragako atzelaria maila bikaina erakusten hari da azken partidetan, eta Urretabizkaiak aukerak sortzeko ez du atzelari jotzaile baten beharrik. Beraz, partidu irekia espero da.

Bigarren partidan, gazteen mailakoan, Anso eta Aizpuru Riol eta Cordonen aurka arituko dira. Aizpuruk bi esku bizi eta eder ditu, eta Anso, kontuan hartzeko aurrelaria da. Guztia beharko dute ordea aurkariei irabazteko. Riolek final laurdenetan erakutsi zuen mailak hankaz gora jarriko lituzke asko. Bizkaitarrak partida bikaina jokatu zuen, eta atzean Cordonek min hartuta dagoen Aranguren hutsunean beteko du. Cordon pilotari borrokalaria da eta bikote osoa burutuko dute hauek ere.

Larunbatean 11:00tan hasita beste bi partida eder izango dira. Lehengoan, gazteen mailakoan Zubizarreta eta Mariezkurrena, Alberdi eta Eskirozen aurka arituko dira. Zubizarreta bere mailako gazteen artean gehien nabarmentzen dena dela esan liteke. Gutxi galdu eta tantoa errez bukatzen duen aurrelaria da, eta Mariezkurrenak aurreko partidan erakutsi zuen maila erakusten badu, bikote orekatua osatuko dute. Aurkari izango dituztenak ordea, ez daude begira egoteko. Eskirozek Diario Vasco irabazi berri du, eta lehengoan bezala Alberdik pilota aurrean hartzen badu ez du barkatzen. Partida bikaina ikusteko aukera izango dugu.

Nagusien mailan, Santxok eta Arratibelek, Arrieta eta Azpitarteren aurka jokatuko dute. Santxoren bikotea Garmendia zen final laurdenetan baina larunbatean Zaldibarko finala jokatuko du eta ez da Villabonan izango. Horregatik, Arratibelek jokatuko du Garmendiaren ordez. Diario Vascoko finalean nahiz ez zuen bere mailarik eman, aukera bikaina du, aurrelari bikain batekin arantza hori ateratzeko. Santxo afizionatuen mailan txapel asko lortzen hari da eta aurrekoan ere maila bikaina erakutsi zuen. Guztiak beharko dituzte Arrieta – Azpitarte hernaniarrei irabazteko. Arrietak aurreko partidan bi esku bizi eta eder dauzkala erakusteaz aparte, bukatzen ere asmatu zuen, eta atzean Aizpitarte bezalako atzelari seguru eta dotorea izanda, partida bikaina espero da.

Beraz, urteari pilotaz gozatuz bukaera emateko aukera ederra Villabonan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE