FINALAK ERABAKI DIRA V. PEBET OROIMENEZKOAN

Pasa diren ostiral eta larunbatean jokatu ziren Antton Pebet Memorialeko finalaurrekoak Villabonako BearZana pilotalekuan.

Ostiralez bi partida jokatu ziren; Lehenengoa nagusien mailakoa izan zen eta Urretabizkaia – Santxez bikotea, Prado – Etchegoin bikoteari nagusitu zitzaion 22-20 emaitzarekin.

 

Aurrean joko gutxi izan zuen partidak. Etchegoinek behar baino pilota gehiago huts egin zituen eta hori probesten saiatu ziren aurkariak. Donibane Garaziko atzelariak bizitasun eta kolpe handia erakutsi zituen baina ez ziren nahikoak izan bikain lagundu zion Pradoren laguntzaz partida aurrera ateratzeko.

 

Bigarren partidak, gazteen mailakoak emozio gehiago falta izan zuen. Batez ere kantxan zeuden 4 pilotariak zein ziren ikusita eta batez ere galtzaileak nor ziren ikusita. Anso eta Aizpuru foboritoek, Mata eta Cordon izan dituzten aurkari. Anso eta Aizpuru 14 – 9 irabazten zihoazen baina aurkariak zuzenean 22-ra joan ziren. Anso ia partida guztian desagertuta egon zen eta atzelarien jokoan Aizpuruk ez zuen berea eman. Cordon ez zen ongi hasi, baina hobeto bukatu zuen eta partidako onena Mata izan zen. Bukatzen asmatu zuen, eta oso pilota gutxi galdu. Azken unean Riol – Aranguren bikotearen ordez etorri ziren Villabonara, eta finalerako sailkatu dira.

Larunbatean ere bi partida izan ziren. Lehenengoan, gazteen mailakoan, Zubizarreta – Mariezkurrena bikoteak, Alberdi – Eskiroz bikotearen aurka jokatu zuen. 14-22 nagusitu ziren Alberdi eta Eskiroz. Partida parekatua ikusteko aukera izan zen lehenengo erdian baina bigarrenean azaldu ziren diferentziak; Eskiroz nagusitzen zen atzean eta Alberdik aurrean pilota hartzeko aukera izan zuen ongi asmatuz. Zubizarretak partidaren hondarrean sartu beharra ikusi zuen, baina ez zuen zorterik izan.

 

Nagusien mailan,  Santxo – Arratibel bikotea 22-19 nagusitu zen Arrieta – Aizpitarte bikotearen aurka. Ez zen oso partida bizia izan. Nahiz eta tartean tanto politak ikusi, espero zena baino ikusgarritasun gutxiago izan zuen neurketak. Atzean Aizpitartek ez zuen berea eman eta Garmendiaren ordez etorri zen Arratibel ataundarrak ongi eutsi zion partidari.

Finalak erabakita

Honenbestez, partida hauekin erabakita geratu dira finalak. Gazteen mailan, Mata – Cordon bikotea Alberdi eta Eskirozen aurka neurtuko da. Nagusien mailan berriz, Urretabizkaiak eta Santxezek, Santxo eta Arratibelen aurka neurtuko dituzte indarrak. Partidak, urtarrilaren 7an jokatuko dira 17:30tan hasita Villabonako BearZana pilotalekuan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE