Ozafrainek ere finalerdiak jokatuko ditu

Etxetok, egungo txapeldunak, aise menderatu du Sebastien Sorhuet

Gara
Etxeto, Waltari, Ezkurra II.a eta Ozafrain izango dira Superprestigioko finalerdietan, atzo amaitu baitziren bigarren faseko partidak.

Lehenengo taldean, ia garbi zegoen Etxeto izango zela multzoko lehenengoa, baina horretarako irabazi egin behar zuen atzoko partida. Egungo txapeldunak ez zuen hutsik egin; 40 eta 21 menderatu zuen Sebastien Sorhuet.

Etxetok garbi erakutsi zuen bere maila, eta 9-2 aurreratu ostean, airean eraman zuen partida. Nahiko erraz garaitu zuen.

Bigarren multzoan, gauzak estu zeuden. Paxkal Ezkurra sailkatuta zegoen, eta atzoko irabazlea zen sailkatu behar zuen bestea. Patrick Ozafrainek 40 eta 22 hartu zuen mendean Muskarditz. 15 bote sartu zituen, eta azkeneko hilabete hauetan galdua izan duen joko hori berreskuratu duela erakutsi zuen; hemendik aitzinera ere kontuan hartu beharko da.

Finalerdiak datorren igandean jokatuko dituzte 16.00etan. Hasteko, Etxeto eta Ozafrain neurtuko dira, eta jarraian Ezkurra II.a eta Waltari. Garat trinketa txiki geratuko da bi neurketa horiek ikusteko.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE