TXUKUN LAKUAK HORTZAK ESTUTU BEHAR IZAN DITU AZKOITIA MENDERATZEKO (2-1)

Bigarren kanporaketa Astigarragako Udal Pilotalekuan jokatu zen ordu berean, eta harmailetan bildu zirenek izan zuten zer ikusia eta zer gozatua. Hasi eta buka, hiru partida eder eskaini zituzten Txukun Lakuak eta Azkoitiak, eta azkenean arabarrak nagusitu ziren, 2-1eko emaitzarekin. Azpeitiko Ilunpe izango dute aurkari hurrengo fasean. Hori bai, Azkoitiak ere aukera ugari du final-zortzirenetan izateko, galtzailerik onenak aurrera egingo baitu.

 

TXUKUN LAKUA 2 AZKOITIA 1

K : Otxoa – Orue del Olmo 18 Azkoitia – Uranga 22

G : Uribe – Alvarez de Eulate 22 Cuevas – Azkoitia 18

N : Iribarren – Perez 22 Juaristi – Juaristi 19

Kadeteen mailan neurketa polita eta estua jokatu zuten bi bikoteek. Txukun Lakuako Otxoak eta Orue del Olmok hobeto ekin zioten lehiari, eta bost tantoz aurreratu ziren. Tantoak igaro ahala, aurkariari eta pilotalekuari neurria hartu zieten Azkoitiak eta Urangak, eta berdindu ez ezik, markagailuan gain ere hartu zuten. Uranga Azkoitiko atzelariaren lana aipagarria izan zen. Sendotasun aparta erakutsi zuen atzeko koadroetan, eta horregatik eskuratu zuten lehen puntua.

Hain zuzen, kontrakoa gertatu zen gazteen arteko partidan. Lehia estua izan zen partidaren erdira arte, eta batez ere bi aurrelariek ikuskizuna eskaini zuten. Frontisean pilota jartzera mugatu ziren atzelariak, baina protagonista nagusiak Uribe eta Cuevas izan ziren. Biek tanto ederrak egin zituzten, eta defentsan ere zorrotz jokatu zuten. 15na berdindu ondoren, inspiratuago iritsi zen azken txanpara Uribe, eta hark eraman zuen puntua Gasteiz aldera.

Gauzak hala, nagusien arteko partidak erabakiko zukeen kanporaketa. Txukun Lakuako bikotea faborito garbia zen, Iribarren eta Perezek osatua, baina ez zuten lan errazik izan. Juaristi Azkoitiko atzelariak ondo eutsi zien aurkariei, baina Alex Juaristi aurrelaria izan zen babak eltzetik atera zituena. Latz eman zion pilotari, eta tantoa bukatzerako garaian ere abilezia erakutsi zuen. Perezek agintzen zuen piloteoan, eta oso orekatua joan zen neurketa. Azken txanpan, Iribarrenek min hartu zuen harmailetako koska bat jota, eta bazirudien lanak izango zituela jarraitzeko. Ordea, lurretik altxatu, eta lehen baino hobeto kantxaratu zen. Asmatu egin zuen azken tantoetan, eta Txukun Lakuari eman zion garaipena.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE