Maiatzaren 21ean, igandea, Gipuzkoako I. Pilota Eguna ospatuko dugu. Xehetasunak emateko prentsaurrekora deitzen zaituztegu; asteazkenean, maiatzak 10, izango da agerraldia, 11:30ean, Donostiako udaletxean.
Bertan izango dira, Xabier Peritz aurkezleak gidatuta:
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea – Andoni Lertxundi
Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia – Martín Ibabe
Gipuzkoako Hostalaritzako ordezkaria – Mikel Ubarretxena
Jokin Altuna pilotari profesionala
Ondoren duzue informazio pixka bat:
GIPUZKOAKO I PILOTA EGUNA
Gipuzkoako Pilota Egunak lurraldeko pilotari eta pilotazale oro batuko dituen eguna izan nahi du; sexu eta adin guztikoak. Era berean, euskal pilota gizartean ikusarazteko eta euskal pilotaren jokamolde aniztasuna erakusteko ekimena izan nahi du. Hartara, eskupilota, pala, erremontea, zesta-punta, joko garbia, bote-luzea, pasaka eta pilota egokitua izango dira ikusgai.
EGITARAUA
Goiz osoan zehar jokamolde ezberdinetako partidak antolatuko dira Amara auzoko pilotaleku ezberdinetan: Atano III, Gaska trinketa, Carmelo Balda eta Gaska kiroldegiko atzeko frontoi irekia. Era berean, kaleko presentzia areagotzeko, pilotaleku mugikor bat jarriko da Ferrerias plazan eta eremu ireki egoki bat hautatuko da euskal pilotako joko zuzenen erakustaldi bat egiteko.
13:00ak aldera, barrene solidario bat antolatuko da pilotaleku mugikorrean, pilota munduko pertsona ezagunekin: kazetariak, profesional ohiak, kultura zein telebista mundukoa. Barrene honetan ateratzen den dirua, Crohn gaisotasuna duten pertsonak batzen dituen asoziazioari laguntzeko erabiliko da. Maiatzaren 19an da Crohn gaixotasunaren aldeko Munduko Eguna eta elkarte horrek urtero Donostian egiten duen lasterketa egin beharrean, Pilota Eguna baliatu nahi du beraien aldarrikapena egin eta dirua lortzeko.
Arratsaldean, profesionalen eskuko jaialdi bat antolatuko da Atano III pilotalekuan. Bertan, buruz buruko txapelketaren 3 eta 4. postuetarako partida jokatuko da, besteak beste.
DATUAK
Sexu eta adin guztietako 1.000 pilotarik hartuko dute parte goizeko partida eta erakustaldietan.
Guztira 250 partida inguru jokatuko dira.