PAGAZPEK ETA OBERENAK GOI MAILAKO TALDEAK DITUZTELA AZALDU DUTE

Pagazpe

Euskal Herriko zortzi talde onenen artean sartu dira pasa den asteburuan Usurbilgo Pagazpe eta Iruñeko Oberena, Alegiko Intxurreri eta Burlatako Zugarralderi irabazita, hurrenez hurren. Bi garaileek erakutsi dute goi mailako taldea dutela. Hori bai, final-laurdenetan elkarren aurka lehiatuko dira, ekainaren 4an. Kanporaketa zirraragarria espero da.

 

PAGAZPE 3 INTXURRE 0

Kadeteak: Galarraga – Iruretagoiena 22 Zubeldia – Olano 18

Gazteak: Exposito – Aranguren 22 Zubeldia – Jauregi 7

Nagusiak: Santxo – Altuna 22 Artola – Irazustabarrena 6

 

Gipuzkoarren arteko lehia hartu zuen Hernaniko pilotalekuak igande goizez, eta Pagazpek aparteko arazorik gabe irabazi zuen, hiru partidetan nagusitu baitzen. Jaialdiko lehena izan zen estuena eta politena. Neurketa orekatua espero zen, eta Galarraga eta Iruretagoiena usurbildarrek 22-18 menderatu zituzten Zubeldia eta Olano alegiarrak. Partidak hasiera gogorra izan zuen, baina 11-9kotik aurrera gehiago izan ziren irabazleak. Besteak beste, 16-9 ere aurreratu ziren. Dena galduta ikustean, arriskuak hartu zituen Zubeldiak, eta ondo asmatuta, hemezortzian berdindu zuten lehia. Hori bai, azken txanpan Usurbilera joan zen lehen puntua.

 

Ikusgarritasun eta emozio gutxiago izan zuen gazteen arteko partidak, Expositok eta Arangurenek 22-7 irabazi baitzieten Zubeldiari eta Jauregiri. Maila horretan, ia garaiezina den bikotea osatzen dute usurbildarrek, baina gehiago espero zen alegiarrengandik. Euren joko mailatik oso urrun aritu ziren bai Zubeldia eta bai Jauregi, eta garaileek aise lortu zuten bigarren puntua. Besteak beste, puntu erabakigarria.

Intxurre

 

Izan ere, nagusien artekoa hasterako ia erabakita zegoen dena. Santxok eta Altunak aski zuten hiru tanto egitea, baina ez ziren horrekin konformatu. Usurbildarrek 22-7 menderatu zituzten Artola eta Irazustabarrena. Euskal Herriko txapeldunak dira Santxo eta Altuna, eta erakutsi zuten zergatik.

 

OBERENA 2 ZUGARRALDE 1

Kadeteak: Oskoz – Cuairan 22 Villanueva – Lerga 8

Gazteak: Mata – Cordon II 22 Baleztena – Ayala 2

Nagusiak: Ansa – Cordon 19 Mugiro – Alduntzin 22

 

Goizez gipuzkoarren arteko lehia izan bazen, arratsaldean Nafarroako bi taldek jokatu zuten, Astigarragan: Iruñeko Oberenak eta Burlatako Zugarraldek. Kanporaketak ez zuen kolorerik izan, pronostikoei eutsiz, Oberenakoak nagusitu baitziren. Kadete mailan, besteak beste, erakustaldia emanda irabazi zuten Oskoz eta Cuairanek Villanueva eta Lergaren aurka (22-8). Euskal Herriko txapeldunak dira Oskoz eta Cuairan, eta txapela horiek ez dauzkate kasualitatez etxean. Atzean zein aurrean, nagusi izan ziren biak, tanto politak eskaini zituen Oskozek, eta burlatarrak nahi eta ezin aritu ziren. Halere, txapelketa dotorea jokatu dute.

Gazteen arteko partidan ere oreka gutxiago egon zen, Oberenako Matak eta Cordon II.ak 22-2 irabazi baitzuten Baleztenaren eta Ayalaren kontra. Hasi eta buka, nagusi izan ziren Iruñekoak, eta txalo gehien Matak bildu zuen, aurrean eginiko tanto dotoreei esker. Baleztena eta Ayala, biak aurrelariak izaki, piloteoari eutsi ezinda aritu ziren, eta porrota onartu beste aukerarik ez zuten izan.

 

Zugarralde

Gauzak hala, nagusien partida hasterako erabakita zegoen guztia. Hori bai, ohorezko puntua lortu asmotan kantxaratu ziren Mugiro eta Alduntzin burlatarrak, eta lortu zuten, Ansa eta Cordoni 22-19 irabazita. Neurketa ona izan zen, Mugirok tanto bikainak eskaini zituen aurrean, nahiz eta azken tantoa egitea kosta. 21-9tik 21-19ra hurbildu ziren Oberenakoak, baina azkenean burlatarrak nagusitu ziren.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE