XIV TORNEO BERRIA (FINAL-ZORTZIRENAK)

Lapke

Erabakita geratu dira jada Berria Txapelketako final-laurdenak. Besteak beste, Lazkaoko eta Tolosako taldeek aise egin dute aurrera pasa den asteburuan, hurrenez hurren Azkoitia eta Lea Ibarra kanporatuta, eta Euskal Herriko zortzi onenen artean sartu dira. Asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko dira final-laurdenak: Hernani-Ilunpe, Oberena-Pagazpe, Erreka-Gazteleku eta Tolosa-Lazkao izango dira kanporaketak.

 

LAPKE (LAZKAO) 3 AZKOITIA 0

K : Etxeberria – Garmendia 22 Azkoitia – Uranga 14

J : Zubizarreta – Ruiz de Larramendi 22 Cuevas – Azkoitia 14

N : Insausti – Garmendia 22 Oteiza – Juaristi 6

Azkoitia

 

Larunbat arratsaldez, Azkoitiako pilotalekuan neurtu zituzten indarrak etxeko taldeak eta Lazkaoko LAKPE-k, eta kolore gutxi izan zuen kanporaketak. Kadeteen arteko partida ona eta orekatua izan zen. Hamalaunara bitarte, lehia bizian aritu ziren bi bikoteak. Atzelariek frontisetik urruti ibili zuten pilota, eta aurrelariak ere fin egon ziren errematean. Tanto onak eskaini zituzten. Ordea, azken txanpara indartsuago helduta, Etxeberria eta Garmendia lazkaotarrek 22-14 irabazi zieten Azkoitia eta Urangari. Azkoitiarrek bezperan herriarteko txapelketan egindako lanaren nekea sumatu zuten. Garmendia izan zen laukoteko onena.

Gazteen arteko neurketak ere emaitza bera izan zuen: 22-14. Pilotari baten hutsunea zela eta, Lazkaok bi aurrelari kantxaratu zituen: Zubizarreta eta Ruiz de Larramendi. Azken hori ezinean aritu zen tanto askotan, postu berrian jokatzea ez baita batere samurra, eta horixe baliatu zuten Cuevas eta Azkoitiak indarrak berdintzeko. Bikote bakoitzak etekina atera zion bere pilotari, baina Zubizarretaren distirak agindu zuen azken tantoetan. Atzelariari laguntzen aritu zen une oro, aukera izan zuenean artistakeriak egin zituen errematean. Hari esker, bigarren puntua ere Lazkaora joan zen.

Gauzak hala, nagusien partidan ezer gutxi zegoen jokoan. Intxausti eta Garmendiak aski zuten sei tanto egitea, baina irabazi egin zuten. 22-6 gailendu ziren Azkoitia eta Juaristiren aurka. Garmendia atzelaria oso fresko aritu zen atzeko koadroetan, eta haren aginteari etekin aparta atera zion Intxaustik aurrean, mota guztietako tantoak lortuta.

——————————————————————————————————————–

 

Tolosa

Lazkaoren aurkaria Tolosa izango da final-laurdenetan, tolosarrek mendean hartu baitzuten Lea Ibarra, igande goizez, Hernanin. Kadete eta nagusi mailako partidetan erraz irabazita, sailkapen erosoa lortu zuten. Lea Ibarra taldeak hutsune askorekin bidaiatu zuen, eta lehiakorra izateko aukerarik ere ez zuen izan.

 

LEA IBARRA (MUNITIBAR) 1 TOLOSA 2

K : Beitia – Anitua 6 Goikoetxea – Etxeberria 22

J : Albisu – Okamika 22 Zalakain – Auzmendi 20

N : Arkotxa – Arrizabalaga 3 E.Labaka – Telletxea 22

 

Lea Ibarra

Besteak beste, kadeteetan 22-6 irabazi zuten Goikoetxea eta Etxeberriak Beitia eta Anitua bizkaitarren aurka. Anitua Lea Ibarrako atzelaria justu iritsi zen partidara, eskuetako arazoak baitzituen, eta Beitia aurrelaria saiatu zen arren laguntzen, Tolosakoak askoz gehiago izan ziren. Bikote ona osatzen dutela erakutsi zuten.

Gazteen arteko partida izan zen jaialdiko onena. Lau pilotariek dena eman zuten kantxan. Albisu eta Okamika bizkaitarrek bikote sendoagoa osatzen zuten; atzelariak agindu egin zuen piloteoan, eta aurrelariak tanto onak egin zituen arren, opariak ere gehiegitxo egin zituen. Auzmendi Tolosako atzelaria justu antzean ibili zen, eskuak gaizki zituelako, eta horregatik Zalakainek alde guztietatik arriskatzea erabaki zuen. Tanto apartak egin zituen, hark eutsi zion markagailuari, baina azken bi tantoak berak huts egin zituen.

Gauzak hala, nagusien partidak erabakiko zukeen guztia. Aldez aurretik bistakoa zen oso faborito zirela tolosarrak, Eneko Labaka eta Telletxeak bikote distiratsua osatzen dutelako, eta Arkotxa eta Arrizabalaga bizkaitarrek ezer gutxi egin ahal izan zuten. 22-3 nagusitu ziren gipuzkoarrak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE