XIV. BERRIA TXAPELKETAREN FINALA

Pagazpe

Euskal Herriko taldekako txapelketarik garrantzitsuena iritsi da azken txanpara, eta datorren igandean jokatuko dira XIV. Berria Txapelketaren finalak, Hernaniko Udal pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Aurtengo edizioan lurralde guztietako 21 pilota elkartek parte hartu dute, eta hamar astez iraun duen lehia bikainaren ondoren, Usurbilgo Pagazpe eta Tolosa lehiatuko dira txapel preziatuen bila.

 

Besteak beste, Gipuzkoako bi talde lehiatuko direnez, sekretu handirik ez da izango bien artean, baina Pagazpe faborito izaerarekin aterako da kantxara. Kadeteetan Tolosak du bikote indartsuagoa hasiera batean, baina gazte eta nagusi mailatan usurbildarrak oso indartsu ari dira. Hots, oso litekeena da guztia azken partidan erabakitzea. Ondorengo bikoteak kantxaratuko dituzte bi taldeetako arduradunek.

 

PAGAZPE – TOLOSA

Kadeteak: Galarraga – Iruretagoiena / Goikoetxea – Etxeberria

Gazteak: Exposito – Aranguren / Zalakain – Auzmendi

Nagusiak: Santxo – Gorrotxategi / E.Labaka – Telletxea

 

Tolosa

Hasiera batean, kadeteen partidua orekatua espero da, baina Tolosako Goikoetxeak eta Etxeberriak aukera gehiago izan dezakete irabazteko. Txapelketa osoan erakutsi duten moduan, oso ondo jokatzen ari dira, eta badakite presioari aurre egiten. Hori bai, emaitzak kontra izan arren, Usurbilgo Galarragak eta Iruretagoienak ere itxura oso duina eman dute orain arte, eta badaukate gaitasuna ezustea emateko. Lau pilotariak gazteak izaki, urduritasunari eustea gakoetako bat izan daiteke.

 

Gazteen arteko partidak arriskua du kolore bakarra izateko. Pagazpeko Exposito eta Arangurenek maila horretako bikote onenetakoa osatzen dute, eta ez lukete arazo handirik behar Tolosako Zalakain eta Auzmendi mendean hartzeko. Azken horiek gogor lehiatzeko gaitasuna azaldu dute, baina gaur-gaurkoz, aurkariak baino koska bat beherago daude. Expositoren abiadura eta Arangurenen sendotasuna goraipatzekoak dira.

 

Gauzak hala, gerta daiteke kanporaketa eta finala nagusien arteko norgehiagokak erabakitzea. Santxo eta Gorrotxategi izango dira Pagazpeko ordezkariak, eta Eneko Labaka eta Telletxea Tolosakoak. Lau pilotariak esperientzia handikoak izaki, euren onena emango dutela ia ziurra da, eta partida gogorra espero daiteke. Santxok eta Gorrotxategik jokatutako ia dena irabazi dute azken urteetan; aurrelaria bizia da, defentsa handikoa, eta atzelariak aparteko sendotasuna du atzeko koadroetan. Azken bost urteotan ez du izan parekorik. Gainera, hernaniarra izaki, etxean jokatuko du. Hots, Eneko Labaka eta Telletxea ere ez dira atzean geratzen. Aurrelaria distiratsua da aurreko jokoan, gutxi bezalakoa, eta atzelariak maila bikaina du. Laurak ere oso ohituta daude konpromiso handiko partidak jokatzen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE