Kolore bakar edo kolorerik gabeko lehenengo partiduaren ondoren bigarrengo eder bat ikusteko parada izan genuen bart Aitzurin, lau pilotariak txalo artean erretiratu zirelarik kantxatik benetako ahalegin batean pilotan jokatzea zer den erakutsi ondoren. Hauxek emaitzak:
1. ESPINAL-SARASA….8 / 22 ALBERDI-GARMENDIA
2. PRADO-RUIZ……….20 / 22 ZUBIZARRETA-IRURITA
Jaialdiari hasiera eman zion norgehiagokan Espinal eta Sarasa hamazapi eta huts galtzen alajaina eta beldur ginen markagailua estrenatu gabe erretiratu behar ote zuten ere. Ez horregatik ordea, Alberdik pilota bat galdu aurrekoadroetan eta Espinalek sakea hartu eta jokuan gehiago sartzeko aukerarekin markagalua itxuratzea behintzat lortu zuten zortzi eta bosteko partzialarekin, 0-17, 5-17 eta 8-22 izanik partiduko ibilbidea.
Gertatutakoaren arrazoiak irabazleen joku sendoa alde batetik eta galtzaile atzelariaren guztiz kontrakoa bestetik. Gaizki Joseba Sarasa, atzean baztarreratutako pilota batekin tanto bat egin zuen arren atzelari batek behar duen gutxieneko sendotasunik etzuen erakutsi eta bederatzi tanto galtzean baino oker haundiagoa noski kolperik tira gabeko pilota jotzen jardun izana. Iker Espinal pilotan jokatzeko zegoen eta partidua aitaren batean ankaz gora jarri bazitzaion ere bere aukerak aprobetxatu zituen eta bost tanto egin ere bai, beste bost berriz galdutakoak.
Asko ez baziren behartu ere irabazleak biak sendo, Jon Alberdi azpeitiarra ausart eta pilotari bizi emanez aurrekoadroetan zazpi tanto egin eta bi galduaz, eta Beñat Garmendia Lazkaoko pilota elkarteko beasaindarra ere sasoi onean, ezker eskubi pilota dantzatuz eta kantxan suelto ibiliaz aurrelariari pilota eskatuz behin eta berriz.
Aurrenekoarekin lehia eta joku askorik ikusteko aukerarik gabe geratuak, bigarrengoak gehiago emango zuenaren zai denak ere eta ezin hobetoago suertatu. Partidu bikaina eskainitakoa lau pilotarien aldetik, zintzo demonio eta beltz jokatuta norgehiagoka aurrera atera nahian eten askorik gabeko partidu luze eta gogorrean, zituztenak emanda erabat errendituta amaitu zutelarik ikuskizun paregabe baten ondoren publiku pilotazalearen esker ona jasoaz. 0-2, 2-2, 4-6, 6-10, 11-15, 18-15, 18-18, 19-19, 20-20 eta 20-22 azken emaitza.
Partiduaren analisia egiterakoan PRADO-RUIZ errioxatar bikote galtzailearen ahal eta aginpide haundiagoa pilota astindu eta tantoa egiterako orduan baina pilota errezago galduaz ere bai, eta ZUBIZARRETA-IRURITA bikote irabazlearen ofizio eta defentsa bikaina bestalde, 16 egin eta 12 galdu errioxar bikoteak eta 9 egin eta 5 galdu Gipuzkoa eta Nafarroako pilotariz osaturiko bikoteak.
Bakoitzaren lana aipatuz Iraitz Zubizarreta Lazkaoko Pilota Ellkarteko ataundarrarena aurrena, ondo jokatu zuen, tanto egiteko aukerak aprobetxatu eta galdu gutxi, bakar bat hainbeste pilota jota, eta 15-11 irabazten joatetik 15-18 galtzera pasa arren bere lekurik etzun galdu eta ofizio haundiz eta atzelariaren laguntzarekin noski partidu zail bat aurrera ateratzeko gai izan zen.
Josu Irurita Oberena Pilota Elkarteko atarrabiarrak ere partidu haundia jokatu zuen, kolpez aurkari Ruiz baino gutxiago izan arren ondo eutsi zion bere eraosei. Pilotara ondo jartzen da eta gerria sartuaz atzera luzatzen ere badaki. Mendean hartuta egon bazen ere partiduko zenbait garaitan azken tantoetan bera izan zen atzelari aurkariari gaina hartu ziona. Iraitzek bezela hainbeste pilota txar ekarrita 4 pilota bakarrik galdu zituen eta bi egindakoak, bat atzean ezkertuz eta bestea aurrean zabalera moztuta.
Adrian Prado najeratarrak partidu bikaña jokatu zuen nahiz eta galtzea tokatu, 11 tanto egindakoak aurrekoadroetan eta 4 galdutako. Oso pilotaria da eta bere esku ezker onarekin pilota alde batetik bestera zailtasunik gabe mugiarazten du, eta eskubia txangoagoa duen arren galdu gutxi eta pilota kendu ere bai aurkari aurrelariari. Bere aldekoak baita sakea ateratzera datorrela ankajoku politarekin egiten duen saltoa eta pilotari jotzerakoan gorputzari ematen dion bira.
Pedro Ruiz San Asensioko errioxar atzelari braboak 8 pilota galdu zituen baina asko eman ere bai pilotari, trakets samar hasi zen baina partidua aurrera zioan bezela gero eta seguruago eta gehiago atzeratuz pilota. Aitzurin errebotea urruti dago baina pilota bat baino gehiago izan ziren 10 koadrotik atzera joandakoak. Hala eta guztiz min gehiago egin behar luke 4-5 koadro inguruan jotzen dituen pilota frankoekin, motz samar geratzen da eta ez du apurtzen tantoa, konformidadean pilota berari datorkionean gehiago gozatzen du bera bila doanean baino. Airezko bolea ona du eskubiz eta gaur egungo pilotakin jokatzeko oso baliagarria atzelari batentzat.
Datorren astelehenean San Inazio egunez izango da hurrengo jailadia azken laurdenetako fasean sarturik jada, hauxe hain zuzen:
Uztailak 31 astelehena, 22:00tatik aurrera:
· Gazte-jubenilak….: MATA-SANTAMARIA (*) / MURUA-GARTZIA
· 23 urtez azpikoak: E.LABAKA-URIZAR………… / EGIGUREN-BIKUÑA
(*) ARTOLAren ordez