Hego Euskal Herrian trinketak ez du urrundik ere Ipar Euskal Herrian duen oihartzunik. Tamalez, ez dago ez enpresa profesionalik, ez zirkuiturik, ezta trinketlari askorik ere. Halere, trinketak hitzordu garrantzitsu bat izaten du urtero Abadiñon, Tornosolo Kopan. Atzo Koparen bosgarren aldia aurkeztu zuten, baita txapelketarekin batera antolatu duten jaialdi erakargarria ere.
Jaialdi berezia igande honetan jokatuko da, Abadiñoko Tornosolon (17:00). Bertan, EPBren zirkuitutik kanpo dauden bi trinket jokalari onenek neurtuko dituzte indarrak: Agusti Waltary kubatarrak eta Heriberto Lopez Loquillo mexikarrak. Biek partida izugarriak jokatu zituzten 2002an Iruñeko Munduko Txapelketan, eta aurten Lopezek munduko txapela lortu du buruz buru Mexikon.