Epaileen erabakiek Irujo haserretu dute, eta aurkako 13-19koa altxatu du jarraian eginiko bederatzi tantorekin
«Haserretzen direnean pilotari askok okerrago jokatzen dute; niri, berriz, kontrakoa gertatzen zait: piztu egiten naiz». Juan Martinez Irujok esaldi bakarrean laburbildu zuen atzo, Tolosan, bere garaipena. Saralegiren ausardiak jota utzi zuen Iberokoa hasieran, amezketarrak dantzan izan zuen txapelduna, eta amore eman behar zuela zirudienean epaileek Irujo partidan sartu zuten. Protesta egiteagatik txartel beltza erakutsi zioten, pilotaria biraoka hasi eta sutu egin zen. Haserre, berehala ahaztu zitzaizkion bizkarreko min guztiak, zirimola indartsua bihurtu zen eta Saralegi bete-betean harrapatu zuen. Azken bederatzi tantoak jarraian egin zituen eta final-zortzirenetarako sailkatu zen. Irujok Berasaluze IX.a izango du hurrengo aurkari, igandean, Bergaran.
Martinez Irujo 22
Saralegi 19
Iraupena. 55 minutu.
Saketik. Martinez Irujok 3; Saralegik 4..
Markagailua. 0-1,4-1, 8-3, 9-9, 9-11, 11-16, 13-17, 13-19 eta 22-19.
Besteak. Sarreren hiru laurdenak saldu zituzten Tolosako Beotibarren;
Amezketatik joaniko zale andanak giro aparta jarri zuen harmailetan.
Apustuetako dirua 100-20ri irten zen Irujoren alde. Epaileek txartel
beltza erakutsi zioten Martinez Irujori.