Munduko laugarren txapela irabazi berritan ere umil jarraitzen du Gotzon Enbilek (Zumaia, 1977). Gizon jatorra da, eta finalaren biharamunean lasai hitz egin du txapelketaz, aurkariez eta herriko pilota eskola arrakastatsuaz.
Zer moduz finalaren biharamuna? Bestondorik ba al duzu?
Bestondoa baino nekea gehiago. Pixka bat ospatu genuen, baina nahiko lasai.
Zer moduzko oroitzapena duzu? Nolako finala izan zen?
Partida gogorra izan zen, aurretik uste genuen bezalakoa. Gu gure jokoa egitera irten ginen, eta eurek tanto batzuk hartu bazituzten ere, guk gurean jarraitu genuen. Azken txanpan eurek behera egin zuten fisikoki, eta hor irabazi genuen.